Oscarretan film sarituena izan den 'Todo a la vez en todas partes' emango dute bihar

Jabi Gonzalez Toston 2023ko mar. 13a, 12:30

Jatorrizko bertsioan eskainiko dute zazpi arlotan gailendu den ikus-entzunezkoa. 20:30ean hasiko da saioa Modelon.

Todo a la vez en todas partes film arrakastatsua emango dute bihar Modelo aretoan 20:30ean hasita, jatorrizko hizkuntzan. Izendapen gehien zituen filma zen bart banatu diren Oscar sarietan, 11 orotara, eta horietatik zazpi irabazi ditu. Tartean, film onenaren saria, zuzendari onenarena, eta emakumezko aktore onenarena.

Dan Kwan eta Daniel Scheinert zinegileek zuzendu dute ikus-entzunezkoa eta azkenaldian hizpidea eman duen metabertsoari heldu diote bertan. Horretarako, komedia, fikzioa eta akzioa uztartu dituzte. Botere bereziak dituen eta Evelyn izena duen Estatu Batuetako etorkin txinatar bat izango da protagonista eta Michell Yeoh aktoreak gorpuztuko du.