Aritz Mutiozabalek 'Zetakak' poesia liburua argitaratu du

Mireia Galarza Bastida 2023ko mar. 14a, 12:00
Aritz Mutiozabal. (Mireia Galarza Bastida)

Idazlearen hitzetan, liburuak orain dela bospasei urte bizitako sasoi "iluneko" olerkiak biltzen ditu. Urte batzuk pasata, ordea, poemak "berridatzita, moldatuta eta zorroztuta" daudela dio kazetariak, "gehiegizko ezkortasuna eta izaera etsia nolabait ere baretzeko". 

Aritz Mutiozabal kazetari eta idazle zarauztarrak Zetakak poesia liburua argitaratu berri du Baionako Maiatz argitaletxearekin. Idazlearen hitzetan, liburuak orain dela bospasei urte bizitako sasoi "iluneko" olerkiak biltzen ditu. Poesia "helduleku moduko zerbait" izan zen garai horietan idazlearentzat, eta metafora bat erabili du hori azaltzeko: "Denboralea sartzen denean, itsasontzi handien artean nola hala atrakatzen duen txalupa txikia zen niretzat poesia".

Urte batzuk pasata, ordea, poemak "berridatzita, moldatuta eta zorroztuta" daudela dio kazetariak, "gehiegizko ezkortasuna eta izaera etsia nolabait ere baretzeko". 

Azken hau, ordea, ez da zarauztarraren aurreneko liburua. 2013an argitaratu zuen bere lehen poemategia, Gorren dantzalekua, hain zuzen. 2016. urtean, aldiz, Hutsartea poesia liburua aurkeztu zuen. Hainbat sari eta lehiaketa ere irabazitakoa da zarauztarra, eta narrazioa ere landu du, bai helduentzat eta bai umeentzat.