Ainize Txopitearen erakusketa zabalduko dute etzi Emakumeen* Etxean

Jabi Gonzalez Toston 2023ko mar. 14a, 17:25
Ainize Txopitea artista zarauztarra. (Utzitakoa)

Bere ibilbideko epe desberdinetan egindako lanak bilduko ditu artista zarauztarrak eta apirilaren 14ra arte izango dira ikusgai.

Zarauzko Emakumeen* Etxeak Ainize Txopitea herriko artistaren erakusketa hartuko du ostegun arratsaldetik aurrera. 18:30ean inauguratuko dute eta goizez zein arratsaldez bisitatu ahalko da astelehenetik ostiralera, 10:30etik 12:30era eta 15:30etik 20:30era.

Erakusketa apirilaren 14ra arte egongo da zabalik eta artistaren ibilbideko epe desberdinetako lanak erakutsiko ditu. Hori dela eta, gai ugari jorratuko ditu: maitasuna, natura, identitatea, kaosa eta ordena, eta denboraren kontzeptua.

Martxoak 8ko Emakumeen Nazioarteko Egunaren harira udalak prestatu duen egitarau zabalaren barruan kokatzen da mostra hau ere. Horri lotuta goratu behar da, halaber, Ainize Txopitea dela, hain justu, Martxoaren 8ko kartel lehiaketa irabazi zuena, eta, berea dela, aurtengo kartelaren diseinua.

Nolanahi ere, ibilbide zabala duen artista da Txopitea, 2002an graduatu zen London College of Communicationeko Arteen Unibertsitatean eta ordutik arte garaikideko hainbat kultur erakunde, museo eta galeriekin kolaboratu du.