Finalerdietara sailkatu daiteke Zarautz Rugby Taldea larunbatean

Jabi Gonzalez Toston 2023ko mar. 15a, 11:00
Asteburuan Madrilen jokatutako Alcobendas eta ZRTren arteko errugbi partidako une bat. (Prestaenea)

Getxori irabazi eta sailkapenean atzetik dituen taldeek galtzen badute, matematikoki lortuko du txartela. Horrez gain, joan den asteburuan Alcobendasen jasotako denboraldiko porrot handiena atzean utzi eta garaipenaren bidera itzuli nahi du.

Zarautz Rugby Taldeak gertu du bigarren faseari begira bere buruari bota zion erronka betetzea. Maila igoera lehiatzeko finalaurrekoak jokatzea du helburu, eta bide horretan erabakigarria izan daitekeen norgehiagoka izango du larunbatean. Getxo hartuko du Astin, eta garaipenak finalerdi horiek jokatzeko sailkapen matematikoa eman diezaioke bi jardunaldiren faltan. Horretarako, hori bai, sailkapenean gertuen dituen taldeek beren partidak galtzea behar du.

Ohorezko B mailako elite multzoko bigarren sailkatua da Zarauzko taldea une honetan; azkena, berriz, Bizkaikoa, eta aurreko jardunaldian jokatu zuen partida da galdu ez duen bakarra bigarren fasean. Irabazi ere ez zuen egin, ordea. Azken unean egin zion ihes garaipenak, eta berdinketarekin konformatu behar izan zuen.

Lehenengo fasean ere jokatu zuten elkarren aurka bi euskal taldeek. Berdindu egin zuten orduan, baina bolada kaskarragoa darama orain Getxok, eta horri etekina ateratzen ahaleginduko da etxeko taldea. "Urrian Asti bisitatu zutenean baino dezente okerrago daude, eta gu dezente hobeto; beraz, garaipena lortzea ez ezik, bost puntu eskuratzea ere bada helburua", adierazi dio Urola Kostako Hitzari Juan Sorreluz Zarautz Rugby Taldeko kapitainetako batek.

Sorreluzek argi du, halaber, sailkapeneko zein postutan amaitu behar lukeen taldeak bigarren fasea amaitutakoan: "Bigarren edo hirugarren izan behar dugu finalaurrekoetan Alcobendas saihesteko eta finala jokatzeko aukera gehiago izateko". Gehiago ere esan du errugbi jokalari zarauztarrak: "Alcobendasekin berriro gurutzatuko gara, ziur nago".

Aurtengo porrot handiena

Hain justu, Alcobendas da Zarauzkoek izan duten azken aurkaria. Ez da nolanahiko taldea; lehen mailako talde indartsuenetakoa zen joan den denboraldian, liga irabazteko hautagaien artean zegoena eta Errege Kopako finalera sailkatzea lortu zuena. Taldeko jokalarietako baten pasaportearekin iruzur egiteagatik jaitsi zuten Ohorezko B mailara.

Alcobendasek taldea goitik behera aldatu badu ere, oso indartsua izaten jarraitzen du, eta aise menderatu ditu orain arteko aurkari guztiak. Nolanahi ere, Zarauzkoak sinetsita zeuden estu hartzeko gai izango zirela, eta bidaia itxaropentsu egin zuten. Baina bestelakoa izan zen partida amaieran markagailuak erakutsi zuen emaitza: 38-3. Denboraldiko porrot handiena.
Dena den, Sorreluzen hitzetan, emaitzak ez du islatzen zelaian ikusi zena: "Lehen zati osoan guk agindu genuen jokoan, baina ez genuen puntuak egiten asmatu. Asko barkatu genuen, eta Alcobendas bezalako taldeen aurka ordaindu egiten da hori. Hamabost minutuko epean hiru entsegu egin zizkiguten, eta horrek erabaki zuen partida".

Zaleen indarra

Joko eremuan Madrilgo taldea nagusitu zen arren, parekoa izan zen talde bakoitzeko jarraitzaile kopurua harmailetan. Azpimarratzekoa da hori, etxetik kanpo aritu baitzen Zarautz.

60 lagunetik gora bertaratu ziren taldea babestera, batzuk klubak antolatutako autobusean, eta besteak beren kasa; izan ere, zenbaitek asteburua Madrilen pasatzeko aprobetxatu zuten partida. Halaber, ez zen izan salbuespena, L’Hospitaletera (Katalunia) edo Santanderrera (Espainia) ere hamarnaka zale bertaratu baitziren.