Osasun arreta euskaraz eskatzeko deia egin dute

Nerea Uranga 2023ko mar. 17a, 09:00
Zarauzko anbulatorioa.

Herritarrek osasun arreta zein hizkuntzatan jaso nahi duten adierazteko kanpaina abiatu du Osakidetzak. Kanpainarekin bat egin du Uemak, eta euskararen hautua egiteko eskatu die herritarrei. Irune Urbieta Euskara zinegotziaren arabera, zerbitzu horiek norberak bere hizkuntzan jasotzea "ezinbestekoa" da.

Herritarrak osasun arreta zein hizkuntzatan jaso nahi duten adieraztera animatuz, kanpaina hasi zuen Osakidetzak joan den hilaren bukaeran. Behin hori adierazita, herritarrek hautatzen duten hizkuntzan izango dute harremana osasungintzako profesionalekin, eta hautatutako hizkuntzan jasoko dituzte gutunak, oharrak eta antzeko adierazpenak ere. Osakidetzak adierazi duenez, erabiltzaileen %77 inguruk adierazi du zein hizkuntzatan jaso nahi duen osasun arreta, eta horietatik %19k azaldu du euskaraz jaso nahi duela.

"Pozez hartu" du Osakidetzaren kanpaina Zarauzko Udalak, hala adierazi du Irune Urbieta Euskara, Gazteria, Hezkuntza eta Kultura zinegotziak. "Osasuna guztiontzat da garrantzitsua eta zerbitzu horiek norberak bere hizkuntzan jasotzea ezinbestekoa da, kalitatezko zerbitzua jasotzeko. Osasungintzako profesionalekin sortu behar den konfiantza eta gertutasuna lortzeko hizkuntza beharrezko tresna da", adierazi du Urbietak.

Urbietaren arabera, "aurrerapauso handiak" eman dira, eta "administrazioa prest dago aurrera egiteko", baina horretan herritarren laguntza beharrezkoa da: "Euskaldunok euskaraz artatuak izateko eskubidea eskatuz, hain zuzen ere. Zarautz herri euskalduna da, eta horregatik euskararen normalkuntzarekin badugu ardura berezi bat, gurea bezalako herrietan egindako eskaerak gainerakoentzat ere mesedegarri izango baitira". Oraindik ere osasun arreta jasotzeko hizkuntza hautua egin gabe daudenak horretara animatu ditu Zarauzko Euskara zinegotziak: "Zarautzen dagoeneko harreman hizkuntza zehaztu dutenen %59k eskatu du hizkuntza hori euskara izatea. Oso datu ona da hori, baina oraindik herritar askok ez du hauturik egin eta horiek ere animatu nahiko nituzke".

Uemak emandako datuen arabera, Zarauzko anbulatorioak 24.812 erabiltzaile ditu, eta horietatik 10.461 herritarrek osasun arreta jasotzeko eta komunikaziorako euskararen hautua eginda dute. Hizkuntza hautatuta dutenak erabiltzaileen %71,5 dira, eta gainontzekoek hori egin gabe dute.

"Osasun arreta ere euskaraz"

Uemak bat egin du Osakidetzaren kanpainarekin, eta "osasun arreta ere" euskaraz eskatzeko eskatu diete herritarrei. Uemako kide diren Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako udalerrien kasuan, euskarazko arreta eskatu duten herritarren kopurua "hiru aldiz handiagoa" da –%60,3, zehazki–, azaldu du Uemak. Uemako kide diren Urola Kostako udalerrietan –Zarautz da horietako bat–, berriz, %75,5ek egin du eskaera, eta horietatik %65,75ek hautatu dute euskaraz jasotzea osasun arreta. 

Hala ere, Urola Kostan lau herritarretik batek ez du Osakidetzarekin aritzeko hizkuntza hautatu oraindik, eta batez ere horiei dei egin die Uemak, osasun arreta euskaraz eska dezaten eskatuz. "Oso garrantzitsua da osasun arretaren hizkuntzaren hautua egitea, eta euskara hautatzea, Osakidetzak horren arabera aukeratzen dituelako herrietako osasun etxeetako medikuen kupoak. Horregatik, Osakidetzarekin aritzeko hizkuntza hautatu gabe dutenak hori egitera eta euskara hautatzera animatu nahi ditugu", esan du Uemak.

Jaurlaritzak azaldu duenez, "asistentzia maila desberdinetan behar diren osasun zerbitzuen euskarazko eskaintza integrala artikulatu ahal izatea" da Osakidetzaren kanpainaren helburua, batez ere Lehen Mailako Arretan, Arreta Espezializatuan eta Osasun Mentalean.

Uemak argi adierazi du osasun zerbitzua euskaraz jasotzea "herritarren eskubidea" dela eta, beraz, erakunde publikoen "betebeharra" dela hori bermatzea. "Horretarako, ahalik eta herritar gehienek osasun arretan ere euskara hautatzea beharrezkoa da oraindik, administrazioa euskalduntzeko lanean urratsak egiten segi dezagun, herritar guztien hizkuntza eskubideak bermatu arte", adierazi du Uemak.

Nola hautatu osasun arretarako hizkuntza?

Osakidetzako erabiltzaileek osasun arretarako hizkuntza hautua egin gabe badute, honako bideak dituzte hori egin ahal izateko: osasun zentroko harrera zerbitzuan, medikuaren kontsultan edota Osasun Karpetaren bidez.