Lucas Blanco izan da zarauztar onena kadeteen 32. Zarauztarra Lasterketan

Onintza Lete Arrieta 2023ko mar. 18a, 13:44

Quesos Albeniz taldeko Ekain Imazek irabazi du proba, eta bigarren izan da Viveros San Anton-Mardu talde zumaiarreko Beñat Sainz. Mendiko saria ere Sainzentzat izan da. Hirugarren, berriz, Zatika Goierri taldeko Ekain Lizeagak egin du.

Kadete mailako txirrindularitza lasterketa jokatu dute gaur goiz-eguerdi partean Zarautzen, Zarauztarra Txirrindulari Elkarteak antolatuta. 32. Zarauztarra Saria izan da, eta Quesos Albeniz taldeko Ekain Imazek lortu du garaipena. Bigarren postua Zumaiako Viveros San Anton-Mardu taldeko Beñat Sainzentzat izan da, eta hirugarrena, berriz, Zatika Goierri taldeko Ekain Lizeagarentzat.

Zarauztar onenaren saria Lucas Blancok jaso du, eta talde onenarena, azkenik, Zatika Goierrik.

152 txirrindularik hasi dute lasterketa, baina gutxiagok amaitu, "eroriko asko" izan baitira lasterketan zehar, Leire Arana Zarauzko Udaleko Kirol zinegotziak hedabide honi azaldu dionez. Irteeran bertan erori dira txirrindulari batzuk, eta beste batzuk, berriz, Aizarnazabaldik Muniosoroko bidegurutzera bidean. Zaurituak egon dira han, eta bi anbulantzik bertan artatu dituzte hainbat txirrindulari. Azkenean guztia susto handi batean gelditu dela kontatu du zinegotziak.

Lasterketa irabazi ez arren, Beñat Sainzek proba bikaina egin duela ere nabarmendu du Aranak; berarentzat izan da mendiko saria ere. "Dezente ibili da erasoan, baina azkenean, Meagatik behera harrapatu egin du Ekain Imazek, eta harentzat izan da garaipena".

Hemen dago ikusgai sailkapen osoa.