EAJk Urola Kostako alkategaiak aurkeztu ditu gaur Getarian

Aiora LarraƱaga Solaberrieta 2023ko mar. 19a, 16:12

Aurkezpen ekitaldian, banan-banan Urola Kostako bost herrietako alkategaiek hartu dute hitza, eta datozen lau urteetarako dituzten asmoez aritu dira.

Gaur, eguerdian, Gipuzkoako EAJk ekitaldi politikoa egin du Getarian, Urola Kostako alkategai jeltzaleak aurkezteko. Bertan izan dira Gipuzkoako diputatu nagusi izateko hautagai Eider Mendoza, Zarauzko alkate eta alkategai Xabier Txurruka Fernandez, Aiako alkategai Jon Ander Azpiroz Otegi, Orioko alkategai Noemi Ostolaza Arcauz, Zumaiako alkategai Josemi Antia Albizu eta Getariako alkategai Iosu Mugika Garmendia; baita, Gipuzkoako Buru Batzarreko presidente Joseba Egibar ere.

Alkategaiek banan-banan hartu dute hitza, Eider Mendozaren galdera banari erantzunez, eta datozen lau urteetarako dituzten asmoez jardun dira. Xabier Txurruka Zarauzko alkategaiak, esaterako, azken bi agintalditan egin duten lana balioan jarri du. "Oraingo honetan ere talde bikaina sortu dugu, indarrez eta ilusioz datorren taldea. Garbi dugu zein den gure bide-orria. Abertzaleak gara, eta gure herria maitatzeaz gain, zarauztarrekin harreman zuzena izan nahi dugu. Herritarrak entzun, beren ekarpenak jaso, eta horietan oinarritutako programa osatu eta aurrera eramango dugu", azaldu du. "Azken zortzi urte hauetan horrela egin dugu lan, eta datozen urteetan ere, herritarren eskutik eta herritarrekin batera, sendo jarraitu nahi dugu Zarautzen alde, etorkizunari begira lanean", adierazi du jendaurrean Txurrukak.

Aiako alkategai Jon Ander Azpiroz izan da hitza hartzen bigarrena, eta lehen sektorearen defentsa egin du, hein handi batean, natur ondarea zaintzeko bidea dela uste duelako. "Natur ingurunea zaintzea eta lehen sektoreari laguntzea, biak bat datoz. Izan ere, lehen sektoreari laguntzen badiogu, berez zainduko dugu natura. Orain dela gutxi landu genuen foru aldundian klima aldaketari aurre egiteko estrategia, eta baserritarren jarduna horretarako bide egokienen artean kokatzen zen. Guk gure lantaldean baditugu baserritarrak, beraz, lana egiteko modu bat dakar horrek". Azpirozen ustez, Aia eta Urola Kosta diren bezalakoak dira, "urtetan zehar beren eguneroko jardunarekin landa eremu hori lantzen jardun diren baserritarrei esker. Errekonozimendu horretatik abiatuta lan egin nahi dugu; baserritarrak entzunez eta beren bidelagun izanez".

Orioko alkategai Noemi Ostolazak arlo soziala izan du mintzagai, eta EAJk zaintzaren esparruan duen proiektua aurreratu du. "Alderdiak beti jarri ditu pertsonak erdigunean, eta gaur gaurkoz, Orioko EAJko kideoi gehien kezkatzen gaituena zaintzaren gaia da: Gaur egungo beharrak, zein etorkizunean izango ditugunak. Horregatik, hemendik hamarkada batera etorriko diren behar horiei aurre hartu nahi diegu". Ildo horretan, Orio Zaintzen herria izatea nahi duela aurreratu du Ostolazak. "Horren baitan, ekosistema bat sortu nahi dugu, gizarte zerbitzuez, Osakidetzako profesionalez eta herrian zaintzaren gainean lanean diharduten eragileez osatua. Proiektu hori diziplinarteko eraikin baten bueltan garatuko da. Izan ere, oriotar askok beren etxea eta herria utzi behar izaten dituzte adinekoen egoitzetara joateko. Beren ingurunetik atera behar  izaten dute Orion ez dugulako zerbitzu hori. Horregatik, nahi dugu hainbat zaintza zerbitzu eskainiko dituen eraikin horretan, adinekoen egoitza plaza batzuk ere egotea". Zaintza zerbitzuaren ezaugarriez ere jardun da Orioko alkategaia jendaurrean: "Zaintza nahi dugu partekatua izatea erakundeen eta familien artean, jakin badakigulako familiek ematen duten zaintza berezia dela, erakundeek eskaini ezin duten goxotasuna eta gertutasuna dituelako oinarrian. Baina, erakundeek familiei lagundu diezaiekete zaintza eramangarriagoa eta errazagoa egiten. Dena dela, zaintza erantzunkidea izatea lortu nahi dugu, gizon eta emakumeek emate dutena, eta ez emakumearengan karga jartzen duena".

Zumaiako alkategai Josemi Antiak "sentsibilitate guztiak aintzat" hartu nahi dituen egitasmoa eskaintzen duela azaldu du, herritar guztiek beraien bizi proiektua Zumaian garatzea helburu duena: "Talde sendo bat eta programa sakona sortu ditugu, Zumaian identifikatu ditugun hutsuneei irtenbidea emateko. Besteak beste, uste dugu etxebizitza arazo larria dugula Zumaian, azken lau urtetan ez delako babestutako etxebizitzarik egin, ezta librerik egin; horregatik, ezinbestekoa iruditzen zaigu gai horri bultzada ematea, gazteek herrian bizi proiektua garatzeko aukera izan dezaten. Herriaren zaintzean eta txukun mantentzean ere jarriko dugu arreta, zumaiarrak harro sentitzeko moduko herri dotorea nahi dugulako. Hauteskundeak irabazi nahi ditugu Zumaiak aurrera egin dezan".

Azkenik, Iosu Mugika Getariako zerrendaburuak lantzen ari diren proiektuaren ideia nagusiak aurreratu ditu. "Herriari entzun, elkarte guztiekin bildu, eta talde anitza eta aberasgarria sortu dugu. 102 bilera egin ditugu horretarako, eta lortu dugu adin desberdinetako getariarrok osatzen dugu taldea eratzea, getariar guztiak ordezkatuta sentitu daitezen. Gure helburua da herritarrak herrian bizitzen jarraitzea eta herrian lan egitea; horrez gain, hainbat eraikin zaharkiturik geratu zaizkigu eta ezinbestekoa iruditzen zaigu eraberritze prozesu bat martxan jartzea ere". Azkenik, herriko elkarteei eta eragileei daukaten balioa eman eta egiten duten lana eskertzea ere oso garrantzitsua dela uste du Mugikak. "Elkarteek Getaria aberastu egiten dute. 39 elkarte inguru ditugu gaur egun herrian, eta horien bidelagun, eskutik emanda, Getaria on baten alde lan egingo dugu".

Gipuzko Buru Batzarreko presidente Joseba Egibarrek eskerrak eman dizkie Urola Kostako hautagai guztiei. "Gure nazioa Euskadi da eta horrek eskatzen du konpromiso bat, Eusko Alderdi Jeltzaleko hautetsiek herriarekin dutena, herriaren alde lan egiteko". Bestalde, maiatzeko hauteskundeei begira, Gipuzkoako gizartea "astindu" beharra dagoela esan du Egibarrek. "Hitzordu garrantzitsua dela gogorarazi behar diegu herritarrei, euskal erakundeak esku honetan utzi behar ditugulako, etorkizuna bermatzeko".