Gutuna

Irita hezegunearen berreskuratzeko obraren inguruan

Erredakzioa 2023ko mar. 20a, 16:45
Gloria Vazquez zinegotzia eta Begoña Rodriguez eta Ainara Garcia Ingurumen teknikariak Iritako hezegunearen aurrean.

Zarauzko Udaleko Ingurumen zinegotzi Gloria Vazquezek ondorengo oharra helarazi du Zarauzko Hitzara, Irita hezegunea berreskuratzeko proiektuaren inguruan Arkamurka elkarteak egindako adierazpenei erantzunez.

Zarauzko Udalaren Ingurumen departamentuak 2020ean enkargatu zion Ekolur enpresari Irita hezegunea berreskuratzeko proiektua eta horretarako definitu genuen zein zen gauzatzeko espazioa. Hasieratik argi eduki genuen eremu hori zela Asti errekaren ezkerraldea eta errekaren eskuinaldeko eremua etxebizitza babestuak egiteko erreserbatu egingo zela, eta horrela adierazi genion Arkamurkari proiektua gauzatzeko aukerak beraiekin aztertzeko elkartu ginenean. Muga hori zehaztuta, aztertu genituen bi aukerak: maximoa eta minimoa. Arkamurkak bi aukera horiek onartzen zituen, nahiz eta nahiago zuen maximora heltzea, zera da, Iritaren espazio osoa hezegunea izatea, errekaren ezkerraldean.

Ingurumenetik Ekolur enpresarekin aztertu genuen bi aukera horiek eta erabaki genuen egokiagoa izan zitekeela ez jaistea eremu osoaren kota, eta zubia, bidea eta behatokia egin ez ezik, parte bat uztea basotxo bat landatzeko, haltzak eta beste zuhaitz eta zuhaizka espeziekin, ur ekosistemarekin lotuak.

Irita hezegunearen berreskuratzearen obra hasi zen 2019an, Ur Agentziak Iñurritza errekaren hormak bota zituenean eta orain bukatzen ari gara. Egia esan, garatzen ari garen obra inork ez zuen pentsatzen martxan jarriko zenik Zarautzen. Hau izan da nire helburutariko garrantzitsu bat Ingurumen zinegotzia bezala eta oso harro sentitzen naiz lortu egin dugulako. Egia da Itxasmendi auzoan, egungo etxeen ondoan, beste etxebizitza batzuk, denak babes ofizialekoak, eraikiko direla etorkizunean, eta Arkamurka horren kontra agertu dela; baina hezegunetik 12.000 m³ lur aterako dira eta gaur egungo lezkadia handituko da 6.200 m²-tan eta hori berri ona da ingurumenarentzat. Herritar askorentzat zaila da ulertzea espazio honen garrantzia eta horregatik berriro aprobetxatu nahi dut azaltzeko uholdeak prebenitzeko funtsezkoa dela, ekosistema honen handiko biodibertsitatea mantentzeko eta CO2 xurgatzeko. Honengatik guztiagatik hezeguneak klima aldaketari aurre egiteko garratzi handiko ekosistemak dira eta berreskuratu ez ezik, bere babesa ere bultzatu nahi dugu.

Arkamurkak ere aipatzen duen bezala, Eguzki-Izar eremuaren obra berriz ingurumenaren kontra doa erabat. Hor egingo diren etxebizitzak eta hotela dela-eta, barrera izugarria sortuko da, Irita-Asti eta Biotopoaren arteko lotura are zailagoa bihurtuz. Oso kaltegarria izango da jada babestuta dagoen eremurako.

Ingurumen zinegotzia izanik, Eguzki-Izar obra honen guztiz kontra agertu naiz hasieratik eta PSE-EE udal taldeak jada 2020an kontra bozkatu genuen udalbatzarrean, baina EAJ eta EH Bilduren babesarekin aurrera atera zen ingurumenaren kontra doan obra hau, luxuzko etxebizitzak eta hotela egiteko. Egia da babestutako etxe batzuk ere egongo direla, Etxebitzitza legeak agintzen duen bezala, baina kasu honetan egiten den kaltea onura baino askoz handiagoa da.