"Arraun kutsua herrian zabaltzea da gure helburua"

Aritz Mutiozabal 2023ko mar. 21a, 09:00

40. urteurrena ospatzeko, ZAE Zarautz Arraun Elkarteak Txuleta Festa antolatu du astebururako. Jateakoaz eta edatekoaz gain, bi parrilla lehiaketa antolatu dituztela jakinarazi du ZAEko presidente Jon Artolak (Zarautz, 1977).

Zarautz Arraun Elkateak 40 urte beteko ditu aurten, eta hori ospatzeko, ekitaldi berezia antolatu duzue astebururako: Txuleta Festa. Nola sortu zaizue ideia hori?

Sortu baino gehiago, ideia bateratu dugula esango nuke. Alde batetik, elkartearen 40. urteurrena dela-eta zerbait berezia egin nahi genuen, eta bestetik, azken urteetako gure babesle nagusi Gesalaga Okelanek ere zerbait egin nahi zuen. Beraz, bion interesak uztartzen dituen zerbait egitea bilatu dugu txuletaren inguruko festarekin. Arraun elkarteak herrian mobilizatu beharra dauka; izan ere, Zarauzko arraunak duen eragozpen handiena da herrian ez gaudela, zorionez eta zoritxarrez. Zorionez, dauzkagun instalakuntzak ditugu, baina zoritxarrez, dauden tokian daude: Aiako lurretan, alegia. Ondorioz, herritarrek ez gaituzte ikusten urtean zehar lanean, ez haurrek, ezta helduek ere. Hori dela eta, arrauna ikusarazteko ekintzak egin behar ditugu urtean zehar, eta horren barruan, Txuleta Festa primeran datorkigu. Baita bilduko ditugun sosak ere, diru iturriak beti direlako beharrezko elkarteak aurrera egin dezan.

Asteburu osoa atondu duzue txuletaren bueltan.

Hori da, bai; ostiralean hasi eta igandera arteko egitaraua prestatu dugu. Ostiral arratsaldean, erraldoien kalejirarekin emango diogu hasiera festari. Lege Zaharren enparantzatik Munoa plazako karpara egingo dute kalejira; bertan ospatuko dugu hiru eguneko festa. 19:00etan iritsiko dira erraldoiak Munoara, eta orduan hasiko dugu ofizialki festa arraun elkarteko kideok, udaleko ordezkariek, babesle arduradunek eta txapelketetan ariko diren hainbat parte hartzailek. Jarraian, bi parrilla handi jarriko ditugu martxan, asteburu osoan jo eta su ariko direnak, etortzen den edonori txuletaren bueltako jakiak eskaintzeko: txuleta pintxoak, txuleta osoak, txuletoiak, txistorrak, kroketak eta abar. Edatekoa ere izango dugu: bi txotxerako barrikote, sagardoa, garagardoa eta ardoa. 

Irekiera egunean, gainera, bertso afaria egingo duzue. Festa girotzen hasteko, nolabait ere?

Ostiralean, parrillak martxan jarrita, bertso afaria izango dugu Andoni Egañarekin eta Oihana Iguaranekin. Saioa 20:30 aldera hasiko da, eta irekia izango da. Munoako karpako sarrera edonorentzako egongo da zabalik, eta ez da sarrerarik beharko bertaratzeko. Egaña eta Iguaran  bertso librean ariko dira, eta nahi duen orok sartu eta irten ahal izango du, bertsoak entzutera eta zerbait jatera edo edatera.

Bestalde, bi lehiaketa antolatu dituzue: bata, herrikoia, eta bestea, adituen artekoa.

Adituena –Maestros Parrilleros litzatekeena– larunbatean jokatuko da, eta Espainiako 52 parrillero onentsuenak etorriko dira. Epaimahaia kide ezagunek osatuko dute, gainera. Parrillaren bueltan jokatuko da lehiaketa, baina ez da horretara bakarrik mugatuko eguna. Benetan interesgarria izango da Okelaneko lau aditu txuletaren, parrillaren eta ikatzaren inguruko azalpenak eta xehetasunak ematen entzutea zuzenean. Ikasi nahi duen ororentzat bideratutako doako formakuntza izango da, eta goizez nahiz arratsaldez eskainiko dituzte saioak.

Pixka bat zehazte aldera, nondik datoz parrillero horiek?

Maestros Parrilleros lehiaketa Okelanek lehendik martxan daukan egitasmoa da. Aurreko bi urteetan probintziaz probintzia aritu dira txapelketak jokatzen, eta probintzietako irabazleak dira orain Zarautzen lehiatuko direnak. Nolabait esateko, bi urte martxan daramatzan lehiaren finala jokatuko dute asteburuan.

Igandean, azkenik, herri mailako erronka jokatuko da.

Igandean txapelketa herrikoia jokatuko dugu karpa barruan: herriko elkarte gastronomikoen arteko parrilla lehiaketa izango da. Herriko elkarte guztiak gonbidatu ditugu, eta hamaseik baiezkoa eman dute. Elkarte bakoitzak hiru ordezkari izango ditu, eta hiru horietatik gutxienez batek emakumea izan beharko du. Gainera, hiru horietako bik parrillan aritu beharko dute, eta besteak ergometroan mila metro egin beharko ditu. Bi ariketak hartuko ditugu kontuan, eta puntuazio handiena ateratzen duena izango da irabazlea.

Eta zein izango da saria?

Alde batetik, jatekoa eta edatekoa emango zaizkie saritan, oso jenero ona, eta bestetik, Txuleta Festaren bandera emango diegu. Asmoa da festa elkartearen 40. urteurrenarekin abiatzea, baina urtez urte errepikatzea eta jarraipena ematea. Hortaz, aurten bandera eramaten duenak urtebetez izango du erakusgai elkartean, eta datorren urtean bueltan elkarri beharko du lehiaketara.

Lehia ikusgarria aurreikusten duzue, eta, era berean, herri giroa sortzeko aproposa izango da, ezta?

Hori da gure helburua. Herrian lehia osasuntsua bultzatzea elkarte gastronomikoen artean eta giroa sortzea. Arraun kutsua zabaldu nahi dugu herrian.

Urteurren gogoangarriaren barruan, omenaldi bat ere aurreikusi duzue egitarauan.

Igandean, sari banaketaren aurretik, omenaldia egingo diegu 40 urteotan arraun elkarteko presidente eta entrenatzaile izan direnei. Batzuek jakinarazi digute ezingo dutela etorri. Gure asmoa da lehenik bazkaria ematea, eta ondoren, festa itxi aurretik, aitortza ekitaldia egitea.

TXULETA FESTAREN EGITARAUA
Munoa plazan jarriko duten karpan egingo dute Txuleta Festa. Sukaldea eta barra irekita egongo dira 10:00etatik 23:30era asteburuan; txartelak salgai izango dira leihatilan.

Martxoak 24, ostirala
18:00. Erraldoien kalejira, Lege Zaharren enparantzatik Munoa plazara. 
19:00. Irekiera ekitaldia .
Jarraian, bertso afaria, Andoni Egaña eta Oihana Iguaran bertsolariekin. Sarrera doan. 

Martxoak 25, larunbata
10:30. Maestros Parrilleros lehiaketaren aurkezpena. 
11:00. Finalaurrekoa: iparraldea eta ekialdea. 
13:30. Herri kirolak eta sari banaketa. 
15:50. Finalaurrekoa: erdialdea eta hegoaldea. 
18:30. Herri kirolak eta sari banaketa. 
19:30. Lehiaketako final nagusia.
20:30. Sari banaketa.
 
Martxoak 26, igandea
12:00. Txuleta Festa Bandera Lehiaketaren hasiera, Zarauzko elkarte gastronomikoen artean. 
16:00. Sari banaketa eta omenaldia ZAEko presidente eta entrenatzaile izandakoei. 
17:00. Festaren itxiera.