Alemaniako Melsungen taldean jokatuko du Erik Balentziagak datozen bi denboraldietan

Erik Balentziaga eskuinean, datozen bi denboraldietan soinena ermango duen elastikoa eskuan duela. (MT Melsungen)

Eskubaloi jokalari zarauztarrak Frantziako ligan jokatzen du egun eta bertan amaituko du aurtengo sasoia.

Erik Balentziaga eskubaloi liga indartsuena deritzon Bundesligan, Alemaniako ligan, ariko da irailetik aurrera. Izan ere, une honetan sailkapeneko hamabigarren postuan den MT Melsungen taldeak fitxatu du datozen bi denboraldietarako, 2025eko ekaina amaitu arte, alegia. Talde alemaniarrak joan den ostiralean egin zuen ofizial erdiko jokalari zarauztarraren fitxaketa.

Aurtengo denboraldia amaitu arte, hori bai, egun jokatzen duen Tolosan (Okzitania) jarraituko du Balentziagak. Hau da, Frantziako ligan. Hori horrela, sasoia amaitzeko falta diren hamar jardunaldietan Europako sailkapena lortzen ahaleginduko da Frantzian egindako ibilaldiari bukaera biribila emateko. Datorren denboraldian Europan aritzeko azken txartela ematen duen sailkapeneko bosgarren postuan dago kokatuta Tolosa une honetan, baina seigarrenarekin puntuetan berdinduta. Lehia estua aurreikusten da, beraz.