Latsarien lan gogorra jasotzen duen dokumentala emango dute ostiralean Emakumeen* Etxean

Juan Luis Romatet 2023ko mar. 22a, 10:00
'Latsariak' dokumentaleko pasarte bat.

Latsariak dokumentala ikusteko aukera izango da ostiralean, 19:00etatik aurrera, Zarauzko Emakumeen* Etxean. Filma bukatzean solasaldia egongo dela iragarri dute antolatzaileek. 

Estibaliz Maguregik, Argenis Mesak, Marta Brancasek eta Irune Lauzirikak zuzendutako Latsariak film dokumentala ikusteko hitzordua prestatu dute ostiralerako Zarauzko Emakumeen* Etxean. Zarauzko Udaleko Parekidetasun departamentuak Martxoak 8rako programatutako egitarauaren barruan sartzen da emanaldi hau, eta 19:00etan hasiko da. Haren amaieran solasaldia egongo dela ere iragarri dute antolatzaileek. Sarrera librea izango da lekua bete arte.

Con Ciencia y Arte elkarteak bultzatutako dokumentalak latsarien lan gogorra gogorarazi nahi du; izan ere, egindako lana ezinbestekoa izan da herritarren eta familien osasuna eta bizi-kalitatea mantentzeko. Hala, hamahiru emakumek beren esperientziak kontatzen dituzte film honetan, eta garbitokiak nolakoak ziren eta non zeuden ere esaten dute. Dokumentalak batez ere Bilboko errealitatea du ardatz, baina Euskal Herriko beste toki batzuetako kontakizunak ere biltzen ditu.