'Angeles de la Guarda' argazki erakusketa zabaldu dute Merkatu Plazan

Gorka Eizagirre - Aritz Mutiozabal 2023ko mar. 21a, 17:10

Gaur goizean Bidez Bide elkarteko kideek bisita gidatua eskaini diete udal ordezkariei. Erakusketa ikusgai izango da martxoaren 30era arte.

Arrazismoaren eta Xenofobiaren Aurkako Egunarekin bat eginik, Bidez Bide elkarteak antolatutako Angeles de la Guarda argazki erakusketa zabaldu dute Merkatu Plazako lehen solairuan. Bertan, irudien bidez, emakume migratzaileak Europara lanera etortzen direnean jatorrizko lurraldean uzten dutena jasotzen da.

Erakusketa ikusgai izango martxoaren 30a bitartean, honako ordutegian: astegunetan, 17:00etatik 20:00etara, eta larunbatean eta igandean, 12:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 20:00etara. Edonola ere, erakusketaren irekiera saioa gaur goizean egin dute, Bidez Bide elkarteko Soraya Ronquillok eta Katia Reimbergek udal ordezkariei eginiko bisita gidatuarekin.

Egitasmo honekin lotuta, bihar, Oskar Tejedor zuzendariaren En tránsito dokumentala  emango dute Modelo aretoan, 18:30ean hasita. Ondoren, ikus-entzunezkoaren inguruko solasaldia izango da Bidez Bide elkarteko kideekin.