"Besteen aldean amateurrak bagara ere, bukaerara arte borrokatuko dugu"

Aritz Mutiozabal 2023ko mar. 22a, 09:15
Josu Landa entrenatzailea erdian, jokalariei aginduak ematen, Amenabar Zarautzen partida batean. (Luis Epelde)

Zilarrezko Ohorezko Mailari eusteko fasean murgildu da Amenabar Zarautz eskubaloi taldea. Multzo «estua eta gogorra» izango dela uste du Josu Landa entrenatzaileak.

Amenabar Zarautz eskubaloi taldeak larunbatean ekin zion Zilarrezko Ohorezko Mailari eusteko bigarren faseari, jaitsierako multzoan. Aritzbataldeko kantxan jokatu zuen norgehiagoka Conservas Alsur Antequeraren aurka, baina ezin izan zuen garaipena bereganatu: Malagako (Espainia) taldea nagusitu zen 25 eta 30eko emaitzarekin.


"Etxean beti espero dugu irabaztea. Gainera, etxean komeni da puntuak poltsikoratzea. Hala ere, kontuan izan behar da Antequera dela B multzoan ondoen geratu den taldea, hau da, seigarren sailkatu dena. Bagenekien potentzial handia duela eta jokalari ezagunak dituela taldean, baina etxean jokatuta, zerbait positiboa ateratzea espero genuen", adierazi du Amenabar Zarautzeko entrenatzaile Josu Landak. Aurkariak oso ongi aritu zirela azpimarratu du Landak. Amenabarren lehen zatiko jokoa oso ona izan zen, eta bigarren zatian defentsa irekia landu bazuten ere, ez zutela asmatu dio. "Hor egin zigun ihes partidak".


Lehenengo bostetan

Jaitsierako fasean hamar talde ari dira lehian, eta horietatik azkeneko bostek galduko dute kategoria. "Ligaren berregituraketa dator, eta multzo bakarrean utzi nahi dute maila. Pandemia garaian, bi multzo sortu zituzten, eta orain, lehengora itzuliko dira. Horregatik, bostek galduko dute kategoria", azaldu du entrenatzaileak.

Beraz, Amenabarren ezinbesteko helburua da, gutxienez, bosgarren geratzea. Bigarren fasean, ordea, ez dira hutsetik hasi: norbere multzoko taldeen aurkako partiden emaitzak, eta ondorioz, puntuazioak kontuan hartu dizkiete. Une honetan, hori aintzat izanda eta lehen partida kontatuta, zazpigarren postuan dago Amenabar, bederatzi punturekin. Fase "oso estua" aurreikusten du Landak, eta taldeak "gogor borrokatu" beharko duela kategoriari eutsi nahi badio. "Talde ia denak gure maila bertsukoak dira, pare bat kenduta: Ikasa Boadilla eta Sant Quirze puntu batekin eta punturik gabe daude sailkapenean, hurrenez hurren. Beste guztiok hortxe-hortxe ibiliko gara... Lehen partida baino ez dugu jokatu, eta ikusi egin beharko dugu nolako dinamika hartzen duen faseak".

Antzeko mailako taldeak dituztela esatearekin batera, zehaztapen esanguratsu bat egin du: "Gu amateurrak gara, eta beste talde asko profesionalak dira. Diferentzia hor dago. Aste honetan ere, Antequerak jokalari profesionalak eraman ditu kantxara. Gure egoera bestelakoa den arren, bukaerara arte borrokatuko dugu".


Asteburuan, Alacantera

Aste honetan Alacantera (Herrialde Katalanak) bidaiatuko dute, EON Horneo Alicante taldearen aurka jokatzeko. "Irabazi beharreko erronka izango da, bai ala bai", argi du eskubaloi entrenatzaileak: "Etxetik kanpoko partidak irabaztea asko kostatzen zaigu. Aurten, neurketa bakarra irabazi dugu kanpoan, eta beste bat berdindu. Beraz, ez da erraza izango, norberak bere kantxan asko estutzen baitu". Etxeko partidak izango dira beste urte batez Zilarrezko Ohorezko Mailan jarraitzeko gako nagusia. "Hemen irabazi eta kanpoan harramazkaren bat egiten badugu, salbatzeko itxaropena dugu. Baina ezinbestekoa da etxean amarratzea. Bolada ona generaman, azken bi partidak irabazita... Hirugarrena galdu egin genuen, zoritxarrez, baina aurrera jarraitu behar dugu". 

Partidaren ondoren, jokalariak pixka bat atsekabetuta zeudela aitortu du entrenatzaileak, baina hori "normala" iruditzen zaio. Nolanahi ere, asteburuko partidari begira elkar animatuko direla eta gogotsu heldu nahi diotela aditzera eman du. Landarentzat lehen urtea da Amenabarreko entrenatzaile gisa, eta esperientzia polita eta gogorra izaten ari dela nabarmendu du: "Maila handiko taldeak daude kategoria honetan. Asko profesionalak dira, eta Asobal ligara iristeko egiten dute apustu. Horien aurka lehiatzea oso konplexua da, nahiz eta etxean jokatu eta zaletuen babesa izan. Ondo aritu garen partidak izan dira, baina gogorra da".
 
Nolanahi ere, esperientzia polita izaten ari dela azpimarratu du entrenatzaileak. Izan ere, zerbait berria izaten ari da harentzat:  "Aurrez emakumezkoen goiko taldea entrenatu nuen, baina talde hau entrenatzea guztiz ezberdina da; emakumeen taldea inolaz ere gutxietsi gabe". Kategoria guztietako taldeak entrenatu ditu Landak, neskak zein mutilak, eta azken hiru urteetan Txiki Polit Zarautz senior gizonezkoekin –bigarren taldearekin– aritu da buru-belarri; duela bi denboraldi igoera fasea jokatu zuten, eta Lehen Nazionalera igotzeko gol batera geratu ziren. "Euskadi mailan ala Zilarrezko Ohorezkoan aritu, sekulako aldea dago. Jauzi hori antzeman dut entrenatzaile gisa".

Aiala txapeldun, liga amaitzeko hiru partidaren faltan

Gizonezkoen aldean, bolada ezin hobea darama Aiala emakumezkoen eskubaloi taldeak. Jokatu dituen azken hamasei partidak irabazi ditu, eta hiru jardunaldiren faltan, matematikoki irabazi du Zilarrezko mailako B multzoko liga.

Hala, aurreko bost denboraldietan ihes egin dien igoera fasea jokatzeko txartela lortu dute. Maiatzean jokatuko dituzte kanporaketa horiek, eta beste multzo bateko bigarren sailkatua izango dute aurkari. Joaneko partida kanpoan jokatuko dute, eta itzulerakoa, etxean. Bi partidak batuta emaitza hobea lortzen duenak mailaz igotzeko fase erabakigarria jokatuko du beste hiru talderen aurka, eta bi onenak igoko dira Guerreras Iberdrola ligara.