Edweard Muybridgeri eskainiko diote gaurko Photomuseumeko saioa

Jabi Gonzalez Toston 2023ko mar. 24a, 12:20
Edweard Muybridge argazkilaria ezkerrean eta zaldia arrpaladan erakusten duen irudi sorta eskuinean.

Irudiekin mugimendua transmititzeko egin zuen lanagatik da ezaguna argazkilari britaniarra. Gela programaren barruan antolatu dute saioa eta, ohi bezala, 18:00etan hasiko dute doako sarrerarekin.

Photomuseumeko gela programaren barruan argazkilaritzari, bidaiei eta kulturari, eta Arteari eta diseinuari eskaini dizkieten launa ataleko bi serieak amaituta, ohiko saioetara itzuliko dira gaurtik aurrera. Edweard Muybridge argazkilari britaniarra izango da gaur arratsaldeko saioko protagonista, hain justu.

Irudiak elkarren segidan jarrita mugimendu-ilusioa sortzeagatik egin zen bereziki ezagun Muybridge. Argazki bizidunen lehen proiektorearen asmatzailea da, eta, ondorioz, zinemaren aitzindaria ere bai, hein handi batean. 18:00etan hasiko dute argazkilari britaniarraren ibilbidea aztertzeko saioa eta librea izango da sarrera.