Milioi bat euroko inbertsioa egin du udalak herriko galtzadak asfaltatzeko

Aritz Mutiozabal 2023ko mar. 26a, 12:00
Asti bidean hasiak dira asfaltatze lanak egiten. (Zarauzko Udala)

Aste honetan hasi dira asfaltatze lanekin Asti bidean, eta datozen hilabeteetan herriguneko nahiz baserri bideko hainbat kaleetako galtzada berrituko dituzte. Amenabar-Alvargonzalez ABEEri esleitu dizkiote lanak.

Zarauzko Udalak 2023ko asfaltatze planari ekin dio aste honetan, eta horrenbestez, herriguneko zein baserri bideetako hainbat galtzada berritzeko lanak egingo ditu. Lehiaketa publiko bidez, Amenabar eta Alvargonzalez enpresek osatutako ABEEri adjudikatu dizkiote herriko hainbat kale asfaltatzeko eta margotzeko obren ardura, 1.070.991,57 euroko (BEZ barne) aurrekontuarekin.

"Martxan jartzen ari garen asfaltatze lan hauek onura nabarmena ekarriko dizkie zarauztar askori. Gainera, milioi bat eurotik gorako inbertsio honek Zarauzko galtzadak asfaltatzeko inoiz bideratu den inbertsiorik handiena suposatzen du”, nabarmendu du Iban San Martin Azpiegitura eta Obretako zinegotziak. Herriko azpiegiturak "berritzen eta hobetzen" jarraitzea da asfaltatze planaren ildo nagusia, San Martinen esanetan.

Asti bidean abiatu dute aste honetan asfaltatze planeko lehen lanak, eta datozen hilabeteetan zehar batik bat herrigunean jardungo dira beharrean. Lehen fase batean, ondorengo kalea asfaltatuko dituzte, hala nola, Asti bidea, Alleme bidea, Zubiaurre eta Zehar kaleak, Mitxelena kaleko plazatxoak, Zelai Ondoko kirol pista, Santa Marina kalea, Salegi kalea, Pagoeta kalea, Hegoalde kalea, Frantzesbidea, Zuberoa kalea eta Urdaneta kalea.

Uda hasieran, berriz, asfaltatze plana baserri bideetan burutuko dute: Venta-Munantxo bidea, Urteta-Etxeberri goikoa bidea, Gorritxoaga bidea eta Oiarte-Kortaburu bideak berrituko dituzte. Udalak egindako aurreikuspenen arabera, ekaina amaieran bukatuko lirateke obrak, Azken Portu goiko aparkalekua asfaltatuta.