Gran Camping Zarautzek irabazi du Euskadiko Txapelketa

Aritz Mutiozabal 2023ko mar. 26a, 19:45

Bidasoa izan da bigarren, Creados Pulpo hirugarren eta Ereintza laugarren. Lehen hiru sailkatuek Espainiako Txapelketa jokatuko dute.

Jubenil mailako gizonezkoen Euskadiko Txapelketako lauko finala jokatzen aritu dira ostiraletik Zarauzko Aritzbatalde kiroldegiko kantxan, eta Gran Camping Zarautz etxeko taldeak azken faseari ekin zion dinamika eta erritmo berarekin bukatu du, Ereintza taldeari nagusitasun osoz irabazita gaur eguerdian, 33-19ko emaitzarekin. Ondorioz, finaleko hiru partidak garaituta Euskadiko txapeldun izan da.

Bigarren postua Bidasoarentzat izan da, gaur goizean Creados Pulpo 27-24koarekin mendean hartu ondoren. Irungo taldeak galtzen ekin zion txapelketari Zarautzen aurkako neurketan, atzo garaipena lortzeko Ereintzaren aurka. Zumaiaren eboluzioa, berriz, alderantzizkoa izan da: Ereintzari irabazi zion lehen egunean, baina azken bi norgehiagokak galdu egin ditu; nolanahi ere, hirugarren postuari eutsi dio.

Gauzak horrela, Gran Camping Zarautz, Bidasoa eta Creados Pulpo taldeek Espainiako Txapelketan lehiatzeko txartela eskuratu dute.

Erlazionatuak