Emaitza gazi-gozoak izan dituzte ZKEko xakeko taldeek asteburuan

Erredakzioa 2023ko mar. 27a, 14:00
Asteburuan Zarautzen jokatutako Gipuzkoako xake ligako azken jardunaldia. (ZKE)

Gipuzkoako xake ligako azken partidak jokatu dituzte eta preferente mailako taldeak mailari eustea lortu du. Lehenengo mailakoak, aldiz, ez du helburua bete.

ZKEko xake taldeek Gipuzkoako ligako azken partidak jokatu dituzte asteburuan eta preferente mailako taldeak mailari eustea lortu duen arren, lehenengo mailako taldeak bigarren mailara jaitsi da emozioz betetako azken jardunaldi lehiatu baten ondoren.

Preferente mailako taldeak Errenterian jokatu du Ligako azken partida eta 2,5-1,5 emaitza lortu du. Jon Lertxundik Javier Gastañaresen aurka jokatu du lehenbiziko tableroan eta meritu handiko berdinketa lortu du goi mailako jokalariaren aurka. Bigarren eta hirugarren tableroetan Alexander Bermudezek eta Jorge Feijook jokatu dute Aitor Goñi eta Markel Dominguezen aurka eta bi partidak borrokatu badituzte ere, galdu egin dute. Laugarren tableroan, azkenik, Julio Andradek Imanol Loperenaren aurka jokatu du eta garaipen handia lortu du pieza zuriekin joko erasokorra erakutsita. Errenteriaren aurka lortutako puntuekin Preferenten mailan segituko du taldeak beste urtebetez.

Lehen mailako taldeak ZKEko egoitzan jokatu ditu bere partidak eta 2,5-1,5 emaitzarekin liderren aurka irabazi du. Andoni Etxabe Aitzol Lazkanoren aurka aritu zen eta hasieratik ekin zion erasoari. Horrek nahiko garaipen erosoa eskuratzea ahalbidetu zion. Bigarren tableroan Daniela Veltek pieza beltzekin jokatu zuen Harri Lasaren aurka eta, nahiz eta, partidaren erdialdera arte oso berdinduta joan den dema, akats txiki batek porrota ekarri zion. Hirugarren mahaian Jon Altzibarrek pieza zuriekin jokatu zuen Asier Lasaren aurka eta arratsaldeko partidarik laburrena eta ikusgarriena izan zen, arrisku handiak hartu ditu materiala sakrifikatuz eta enrokea hautsi dio aurkariari, jake mate polita lortzeko. Laugarren tableroan Iñaki Altzibarrek pieza beltzekin jokatu du Urtzi Lasaren aurka eta partida berdindu eta luze baten ondoren berdinduta amaitu dute.

Zoritxarrez, asteburuan lortutako puntuek ez dute balio izan mailari eusteko, nahiz eta Billabona taldearekin berdinduta amaitu duten Liga. Desenpateak erabaki du nork jaitsi behar zuen mailaz eta hurrengo urtean bigarren mailan jokatuko du talde zarauztarrak.

Hori horrela, ZKEko xake taldeak eskerrak eman nahi izan dizkie ligan parte hartu duten jokalari guztiei, eta, batez ere, Iñaki Altzibar, Aitor Altzibar eta Alexander Bermudez gazteei erakutsi duten ausardia eta kemena goraipatzekoa dela iritzita. Izan ere, klubak argitu duenez, dagokiena baino kategori altuagoan lehiatu dute.