11 domina lortu ditu ZKE halterofiliak Aritzbaladen jokatutako Gipuzkoako Txapelketan

Jabi Gonzalez Toston 2023ko mar. 27a, 16:30
Aritzbatalden jokatutako Gipuzkoako Halterofilia Txapelketako parte hartzaileen argazki orokorra. (Tolin)

Ia 60 lagunek hartu dute parte eta bost urre, lau zilar eta bi brontze pilatu dituzte etxeko taldeko altxatzaileek.

Aritzbatalde udal pilotalekuak halterofiliari egin zion tartea larunbatean etxeko taldeak antolatutako Gipuzkoako Txapelketa nagusia hartzeko. ZKE Zarautz Kirol Elkarteko hemeretzi altxatzailek hartu zuten parte txapelketan, eta haiekin batera Irungo Bidasoa Halterofilia Taldeko hamar eta Zizurkilgo Danok Danena hogeita zortzi. Emaitza onenak Danok Danena taldeak lortu zituen, baina ZKE ez zen hutsik geratu: bost urrezko domina, lau zilarrezko eta bi brontzezko irabazi zituen.

Emaitza onenak gizonezkoen 55 kilo azpiko kategorian lortu zituen, zehazki; izan ere, podiumeko hiru postuak bete zituzten: Erik Expositok urrea kolkoratu zuen, Alex Martinek zilarra eta Julen Silvanek brontzea. 81 kilo azpiko kategorian lortutako emaitzak ere onak izan ziren oso: Imanol Citoresek urrea eta Ander Garatek zilarra. Horrez gain, Igor Lekuonak urrea irabazi zuen 109 azpiko kategorian eta Danel Lopezek zilarra 61 kilo azpikoan.

Banatuagoak izan ziren emakumezkoek eskuratutako dominak: 55 kilo azpiko kategorian urrea irabazi zuen Malen Monasteriok, 76 kilo azpikoan ere urrea Leire Urkiolak, 64 kilo azpikoan zilarra Erika Sanchezek eta 71 kilo azpikoan brontzea Miren Galarragak.

Hurrengo hitzorduak

ZKE halterofiliako altxatzaileek jokatuko dituzten hurrengo txapelketen berri ere eman du klubak. Datorren asteburu honetan, esaterako, taldeko lau ordezkarik (hiru gizon eta emakume bat) Iruñean jokatuko den Espainiako Master Txapelketan hartuko dute parte. Apirilaren 22an, larunbata, berriz, Espainiako Unibertsitatearteko Txapelketan izango dira ZKEko bi emakume. Euskadiko Txapelketa nagusia ere jokatuko da egun berean Gasteizen eta Gipuzkoako selekzioarekin arituko dira klubeko hainbat ordezkari.