Seme-alaba adin-txikikoak dituzten gurasoek gaur jakingo dute beren haurrak matrikulatu dituzten Araba, Bizkai eta Gipuzkoako ikastetxeetan ikasi ahalko duten datorren ikasturtean. Izan ere, Hezkuntza Sailak jada argitaratu ditu haur hezkuntza, lehen hezkuntza eta derrigorrezko bigarren hezkuntzako matrikulazioen behin-behineko zerrendak. Eusko Jaurlaritzaren ikasgunea.euskadi.eus webgunean daude ikusgai eta apirilaren 4ra arte egin daitezke erreklamazioak.
Bada, behin-behineko zerrenda hori argitaratu bezperan, elkarretaratze jendetsua egin zuten atzo arratsaldean Salbatore Mitxelena ikastolaren atarian, haurrak bertara eraman nahi dituzten bost famili kanpoan utziko baitituzte. Zarauzko ikastola ez da egoera horretan dagoen, bakarra, baina eskualdeko lehenengoa izan da jendaurrean salatzeko urratsa egin duena. Zentzu horretan, Eider Larrañaga ikastolak lehendakariak azaldu zuen, Hezkuntza Sailak onartutako lege dekretuak 50 ikasleko kupoa ezarri diola Salbatore Mitxelena ikastolari 2023-2024 ikasturteari begira bi urteko gelan. Arazoa da 55 familiak eman dutela izena haurrak ikastolan matrikulatzeko, eta, ondorioz, bost ezin izango dituzte onartu.
Yoseba Peña alaba txikia ikastolan matrikulatzeko eskaera egin duen gurasoetako batek ere hartu zuen hitza atzoko elkarretaratzean eta aldarrikatu zuen familia bakoitzak bere haurra nahi duen ikastetxean matrikulatzeko aukera izan beharko lukeela: "Izugarri biolentoa egiten zaigu, kasik bortxazkoa, Hezkuntza Sailak esatea gure haurra noren zaintzapean utzi behar dugun datozen urteetan eta zein pedagogia ildoren pean egin beharko duen hezkuntza ibilbidea".
Peñak salatu du, halaber, gezurra dela Hezkuntza Sailak Zarauzko kupoa zehazteko emandako argudioa:"Entzun dugu erabakia hartzeko ikastolak azken urteetan izandako matrikulazio kopuruan oinarritu direla, baina ez da egia. Herriko haur kopuruaren %30 matrikulatu dituzte ikastolan azken ikasturteetan eta aurten ere hori izan da joera. Beraz, aurten ere familia guztiak onartu beharko lituzkete".
Harago ere joan zen Peña: "Nik ez nuke onartuko familia bat bera ere kanpoan geratzea. Astakeria bat handia dela iruditzen zait eta gauza serioak planteatu beharko liratekeela. Akaso, Elbira Zipitria hartu beharko dugu eredu eta beste zerbait sortu beharko dugu bere garaian ikastolak sortu zituzten bezala".