'STOP erabilera bakarreko ontziak' kanpaina abiatu du UKUEk

Jabi Gonzalez Toston 2023ko mar. 29a, 11:30

Helburua da eragiten dituzten kalteei buruz herritarrak informatzea eta sentsibilizatzea, eta, aldi berean, edalontzi berrerabilgarrien erabilera sustatzea.

UKUE Urola Kosta Udal Elkarteko Ingurumen Sailak erabilera bakarreko edalontzien kontsumoa murrizteko #STOP erabilera bakarreko edalontziak kanpaina jarri du martxan. Horretarako, edalontziok eragiten dituzten kalteez informatuko eta sentsibilizatuko ditu herritarrak ingurumen sailaren webgunean eskuragarri jarri dituen datuen bitartez. Horrez gain, edalontzi berrerabilgarriak ere banatuko ditu eskualdeko erakunde eta elkarte desberdinetan

Webean jasotako datuetako batzuei erreparatuta, udal elkarteak zehaztu du, adibidez, urtean erabilera bakarreko 1.398.791 edalontzi kontsumitzen direla Urola Kostan. Zentzu horretan, gainera, ohartarazi du gaur egun oso zabalduta dauden kafea edateko paperezko edalontzi emangarriak konpostagarriak eta birziklagarriak direla pentsatu arren, plastikozko geruza batez estalita daudela. Papera eta plastikoa bereizteko prozesua konplexua eta oso garestia izaten da, eta, ondorioz, birziklatzeko planta askok baztertu egiten dituzte aipatutako edalontziak eta zabortegietara bideratzen dituzte zuzenean. Halaber, zehaztu dute paperezko ontziak estaltzen dituen plastikozko geruza polietilenoz osatuta dagoela eta material horrek 30 urte inguru behar dituela deskonposatzeko.

Are nabarmenagoa da kaltea plastikozko edalontzietan; izan ere, hiru kilo eta erdi CO2 isurtzen dira atmosferara plastiko kilo bakoitzeko. Nazioarteko Ingurumen Zuzenbideko Zentroko datuek diote, gainera, karbono isurketen %3,8 plastikoaren ekoizpenak eragindakoa dela gaur egun eta %13koa izan litekeela 2050erako. Horrez gain, UKUEk gogoratu du osasunarentzat kaltegarriak diren toxina arriskutsuak askatzen dituztela plastikozko edalontziak.

Lehen lanketa etxe barruan

Esan bezala, ustez konpostagarriak diren kafea edateko paperezko edalontziak dira erabilera bakarrekoak diren horietako batzuk. Bada, UKUEk abiatutako kanpaina honen barruan udal elkarteko langileak ere ari dira barne lanketa egiten: egoitza nagusiko kafe makina aldatu dute eta, aurrerantzean, kafea hartzeko edalontzi berrerabilgarria erabiltzen dutenek kafea 0.05 zentimo merkeago izango dute. Horrez gain, kafe bakoitzetik 0.10 zentimo bideratuko zaizkio minbiziaren kontrako elkarteari.