300dik gora zuhaitz landatuko ditu udalak Salberdinen

Juan Luis Romatet 2023ko api. 8a, 12:00
Zuhaitzak landatu dituzte Igerain errekaren ertzetan. (Juan Luis Romatet)

Zuhaitz landaketa abiatu du Zarauzko Udalak Salberdinen eta Igerain errekaren bi ertzetan. Inguru horretako paisaia berdea osatu nahian, 300dik gora zuhaitz landatuko dituela iragarri du. 

Salberdineko lehen fasea abian den honetan, inguru horretako paisaia berdea osatu nahian, 300dik gora zuhaitz landatuko dituela iragarri zuen pasa den astean Zarauzko Udalak. Salberdineko plaza eta kaleetan landatuko dituzte zuhaitz hauek, baita Igeraien errekaren ertzetan ere.

Udalak ohar bidez jakitera eman duenez, 313 izango dira landatuko dituzten zuhaitzak –horietako batzuk jada landatu dituztez–: gereziondoak (Cerasus), cinamonunak (Melia acedarach), zelkovak, urritzak (Corylus avellana), intxusak (Sambucus), elorri beltzak (Crataegus), elorri zuriak (Cornus), zuandorrak (Salix), saratsak (Sorvus aucuparia), otsolizarrak (Crataegus monogyna), eta astigarrak (Acer) espezietako zuhaitzak  landatuko dituzte, besteak beste. Horrez gain, Bizkaia kalean, Astazubi plazaren inguruan, Ginko Biloba ale bat landatuko dutela ere iragarri du.

Xabier Txurruka alkatearen esanetan, "Salberdineko iparraldeko urbanizazio lanak amaitzear daude eta, laster, azken lau urte hauetan egindako lanaren emaitzak ikusi ahal izango ditugu. Zuhaitz hauek landatzeko garai aproposean gaude eta, gainera, azpimarragarria da duela ez urte asko arte rio peste ezizena zuen Igerain errekak eta haren erriberaren berreskuratze lanak burutu direla, espazio hori naturalizatzeko".

Salberdinen eta inguruko guneetan egiten ari diren eskuhartzeek "mugikortasunaren eta bizi kalitatearen hobekuntza nabarmena" suposatuko dutela ere gaineratu du alkateak.