59 taldek eman dute izena asteburu honetan izango den III. Play-Eruak txapelketan, inoizko kopururik handiena

Andrea Zipitria 2023ko api. 13a, 09:00

DBH 1 eta 2 mailako 32 talde izango dira lehian; DBH 3 eta 4 mailako kategorian, berriz, 27 taldek eman dute izena. Hala, antolatzaileek jakitera eman dutenez 500 gazte baino gehiago elkartuko dira larunbatean eta igandean, hondartzan.

Guztira 59 talde ibiliko dira nor baino nor futbolean, hirugarren aldiz antolatu duten Play-Eruak txapelketan. Hain zuzen ere, DBH 1 eta 2 mailako 32 taldek eman dute izena, eta DBH 3 eta 4 mailako gaztetxoek 27 talde osatu dituzte. Antolatzaileek jakitera eman dutenez, 500 gazte baino gehiago bilduko dira hondartzan, asteburuan.

Txapelketa larunbat arratsaldean hasiko da. Harrera 16:00etan irekiko da eta partidak, 17:00etan hasiko dira. Igandean, aldiz, 08:00etan ezarri dute harrera ordua, eta partidei ekingo die orduerdi geroxeago. Bada, lehen egunean ligaxka moduan arituko dira lehian, eta  bigarrenean, kanporaketa gisa jarraituko dute, irabazleak erabaki arte.

Antolatzaileek gogorazi dute kuota modura jokalari bakoitzak azukre paketea, sardina edo atun latak edota olio botila botila eman beharko duela txapelketa jokatu ahal izateko. Ondoren, bildutako janari guztia Zarauzko Elikagai Bankuari helaraziko zaio.

Halaber, Arraio irratiko kideek txapelketa zuzenean igorriko dute.