Plaieroak 2022-2023

Gogotsu hasi dute III. Play-Eruak gaztetxoen hondartzako futbol txapelketa

Onintza Lete Arrieta 2023ko api. 15a, 18:51

Gaur eta bihar DBH1etik 4. mailara arteko 576 gazte lehiatuko dira Zarauzko hondartzan. 20:00ak aldera arte ariko dira gaur, eta bihar, berriz, goiz partean. Antolatzaileak janari bilketa solidarioa ere ari dira egiten malekoian, eta nahi duten herritarrek bihar eguerdira arte janaria eramateko aukera izango dute. Zarauzko Elikagai Bankuarentzat izango da bildutakoa.

Itsasoak agintzen du hondartzako futbolean, eta aurreikusitakoa baino minutu batzuk beranduago eta euripean, baina gaztetxoek gogotsu abiatu dute III. Play-Eruak hondartzako futbol txapelketa. 2019an egin zuten lehiaketa aurrenekoz, eta pandemiagatik bi urtez jokatu gabe egon ondoren, iaz izan zen bigarren edizioa. Oraingoan, hirugarrengoan, inoizko parte hartzerik handiena lortu dute plaieroetako antolatzaileek, 59 taldek eman baitute izena; guztira, 576 gaztek jokatuko dute gaur eta bihar txapelketan. Horietatik 206 neskak dira, eta 366 mutilak.

Boluntariorik ere ez da faltako antolaketan; 30 lagun inguru ibiliko dira gaur, eta beste horrenbeste, biharko saioan.

DBH1etik 4. mailara arteko gazteak ari dira lehian, hiru kategoritan banatuta: nesken taldeak, mutilenak, eta mistoak. Hogei minutuko partidak dira, eta berdinketa dagoenean penalti bidez erabakiko dute irabazlea. Gaur 20:00ak aldera amaituko da lehia, eta bihar, 08:30etik 12:30era jokatuko da txapelketa.

Talde gehienak zarauztarrak diren arren, antolatzaileek azaldu dute Oriotik eta Getariatik ere apuntatu direla, "iaz baino dezentez gehiago".

Bestalde, aurreko bi aldietan bezala, oraingoan ere txapelketarekin batera janari bilketa solidarioa antolatu du Zarauzko hondartza futbol txapelketako antolakuntzak. Lehiatzen ari diren gaztetxoek eraman dituzte elkartasunez betetako poltsak –hori zen izena eman ahal izateko baldintza– , eta nahi duen herritar orok ere bere alea emateko aukera izango du bihar 12:30ak arte. Bildutakoa Zarauzko Elikagai Bankuari emango diote. Batez ere olioa, azukrea eta sardina eta atun latak behar dituztela jakinarazi dute.