Shhh! Fest jaialdia antolatu dute larunbaterako

Aritz Mutiozabal 2023ko api. 19a, 17:00
'Errimak bi oinetan' (Haatik)

Tor Magoa, Haatik dantza konpainia eta DJ Bonen emanaldiak izango dira Lege Zaharren enparantzan, eta horiek belarrietako entzungailuekin gozatzekoak izango dira. Kutsadura akustikoaren inguruan kontzientziatzeko ekimena da.

Kutsadura akustikoaren aurrean herritarrak sentsibilizatzeko Shhh! Fest jaialdia antolatu du Zarauzko Udaleko Ingurumen departamentuak larunbaterako, Lege Zaharren enparantzan. Arte eszenikoak eta musika gozatzeko aukera izango da, baina beste modu batera, eta berezitasun nahiz helburu nabarmen batekin. Izan ere, ekitaldi hauek entzun ahal izateko belarrietako entzungailuak jarri beharko dira, eta era horretan halako saioek sortzen duten zarata saihestuko dute.

Shhh! Fest arratsaldean hasiko da eta iluntzean luzatuko da. Tor Magoaren Magiaren sekretuak ikuskizunarekin abiatuko dute, 17:00etan, eta ondoren, 19:00etan hasita, Haatik dantza konpainiak Errimak bi oinetan aurkeztuko du, dantza eta bertsoa uztatuz. Jaialdia borobiltzeko, DJ Bonek saio berezia eskainiko du 22:00etatik aurrera.

Ekitaldietarako eremu bat atonduko dute, eta emanaldia hasi baino ordu erdi lehenago irekiko dute. Hala ere, sarrerak erreserbatzeko aukera izango da shhhfest.eus atarian; bestela, egunean eta tokian bertan hartu ahal izango dira edukiera bete arte. Bertan, bizipen murgiltzailea behar bezala gauzatzeko behar diren entzungailuak banatuko dituzte, betiere NANa fidantza gisa utzita. Adingabeen kasuan, pertsona heldu edo arduradunaren NANa baino ez da aurkeztu beharko.