Inguruko hegaztien kantuak ezagutzeko irteera antolatu du Arkamurkak

Aritz Mutiozabal 2023ko api. 20a, 14:30
Hegaztien kantuak ezagutzeko irteera bat, Torreoian. (Arkamurka)

Vista Alegreko parkean egingo dute ibilbidea, Pello Izkeaga ornitologoak gidatuta. 09:00etan elkartuko dira Torreoian.

Garai batean, bereziki udaberrian, haur askoren zaletasuna zen hegaztien habien bila ibiltzea edo hegaztien kantuak ikastea. Egunckontzientzia ekologiko handiagoa duten arren, gazte askok ez dituzte inguruko hegaztiak eta beraien kantuak ezagutzen. Horren harira, Arkamurka natur elkartean irteera antolatu du larunbaterako; Torreoian jarri dute hitzordua, 09:00etan.

Zailtasunik gabeko ibilbide egingo dute Vista Alegreko parkean, eta bidean inguruko txoriak nahiz haien kantu ezberdinak ezagutzen lagunduko duten azalpenak emango ditu Arkamurkako kide Pello Izkeaga ornitologoak. Adin eta ezaguera maila guztikoentzat zuzendutako jarduera izango da.

Ibilbideak bizpahiru ordu inguru iraungo ditu, eta prismatikoak eta hegazti gidaren bat eramatea gomendatzen dute antolatzaileek.