Herriko zuhaitzak babesteko ordenantza lortu nahi du Tiloak plataformak

Jabi Gonzalez Toston 2023ko api. 21a, 09:00
Tiloak plataformak deitutako protesta bat. (Zrauzko Hitza)

Mugimenduak argi du planak zer jaso beharko lukeen, eta sinadura bilketa abiatu du udalari proposamena egin ahal izateko. Kanpaina abiatzeko, manifestazioa egingo dute larunbatean.

Tiloak plataformak iragarri du Nafarroa kaleko ezkiak eta Zarauzko zuhaitz guztiak salbatzeko bidean, ordenantza proposamena aurkeztuko diola udalari. Zehaztu duenez, helburua da kudeaketa zuzena eta bidezko kontserbazioa egiteko arauak ezartzea, udalerriko berdeguneetan, espazio libreetan nahiz bide publikoetan dagoen zuhaiztia babesteko.

Hori horrela, herri mugimenduak dio panak herriko eremu edota auzo bakoitzerako egokiena den zuhaiztien "azterketa xehatua" hartu beharko lukeela bere barnean, eta aintzat hartzea komeni den aldagaiak ere zehaztu ditu: Biztanleriaren dentsitatea, bideen zabalera eta eraikin berrien bolumena. Horrez gain, nabarmendu du egungo zuhaiztia hobetzeko eta espezie egokienekin kopurua handitzeko egungo egoera hobetzera bideratuko duten neurriak jaso beharko liratekeela balizko ordenantza horretan.

Bide beretik, ingurumen sailari proposamen zehatz bat ere egin dio plataformak: azpiegitura berdeen bulegoa sortzea. Harago ere joan da, izan ere, bulegoaren egitekoak xehetu ditu: "Ahalmena izan beharko luke, hiri-zuhaitzei eragiten dien edozein jardunari buruzko txosten lotesleak egiteko, eta bermatzeko ordenantzan jasotzen denaren arabera betetzen direla mozketari buruzko debekuak eta bereizi gabeko inausketa drastikoak salbuespenak salbuespen".

Manifestazioa igandean

Bada, ordenantza hori lortzeko bidean,sinadura bilketa abiatuko du plataformak, zeren eta, azaldu duenez, "ekimen hau udalean aurkeztu ahal izateko eta honek onar dezan, 2.400 sinadura behar dira legez". Halaber, ziur agertu dira helburua beteko dutelakoan: "Jakin badakigu ahalegina handia izango dela, baina, frogatu den bezala, zarauztarren sentsibilitatea handia da eta ziur gaude lortu egingo dugula".

Era berean, ekimena babestu nahi dutenek nola egin dezaketen ere zehaztu du: "Sinadura bilketan parte hartu nahi dutenek Plataformarekin harremanetan jar daitezke zarauzkohitza@gmail.com helbide elektronikoaren bidez".

Bide beretik, manifestazioa deitu dute etzirako "ordenantza lortzeko kanpaina hasiera gisa". 12:00etan jarri dute hitzordua Lege zaharren enparantzan.