Iñurritzako biotopoa paisaia natural babestua izango da aurrerantzean

Juan Luis Romatet 2023ko api. 27a, 09:00
Paisaia natural babestua izendatu duten Iñurritzako biotopoa.

Nazioarteko mailako irizpideak hartu dituzte kontuan izendapen berria ezartzeko. Zumaia eta Deba arteko itsasertzarekin ere gauza bera egin dute.

Urola Kosta eskualdean dauden bi naturaguneak biotopo babestu kategorian sartu izan dituzte orain arte. Aurrerantzean, baina, paisaia natural babestu tipologia izatera pasatuko dira, biotopo babestu kategoria desagertu delako.

Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak hartutako erabakia da horren arrazoia; izan ere, Jaurlaritzak, 2021ean onartu zuen Euskadiko Natura Ondarea Kontserbatzeko lege berria, eta hura indarrean sartzean, izendatutako biotopo babestu bakoitzaren izena naturagune babestuen tipologia berrietara egokitu nahi izan du. Tipologia berriak izendatzeko, Natura Kontserbatzeko Nazioarteko Batasunaren (NKNB) eremu babestuen nazioarteko erabilera kategoriak esleitzeko prozedura aplikatu du Jaurlaritzak.

Aipatu nazioarteko elkarteak zehaztutako irizpideak kontuan hartuta, Jaurlaritzak lau kategoria berri zehaztu ditu: parke naturalak, natura-erreserbak, natura-monumentuak eta paisaia natural babestuak. Gero, lurralde bakoitzari eman dio eskumena orain arteko biotopo babestu bakoitza kategoria batean edo bestean sartzeko.

Lege berria indarrean sartu aurretik, biotopo gisa sailkatutako zortzi naturagune zeuden Araba, Bizkai eta Gipuzkoan: Añanako diapiroa, Gaztelugatxe, Guardiako aintzirak, Itxina, Meatzaldea, Leitzaran ibaia, Inurritza eta Deba-Zumaia itsasertza. Zein kategoriatan sartzeko erabakitzerako orduan, izendatutako espazioak aztertu behar izan dituzte, eta babes figura berri bat ere esleitu behar izan diete haien berezko ezaugarrietan eta aplikatzen zaizkien kudeaketa dokumentuetan oinarrituta.

Paisaia naturalak

Zarauzko Inurritza 1997tik izan da biotopo babestua. Erabaki hori arrazoitzen duen naturagunearen fitxan irakurri daitekeenez, "EAEko kostaldeko ekosistema bereizgarrienetako bat" kontserbatu eta babestu nahi izan dute: dunak, padurak eta itsaslabarrak. "Batetik, Zarauzko hondartzako ekialdeko muturrean dagoen duna-multzoa nabarmentzen da, bakanetakoa baita EAEn, eta, bestetik, padura nabarmentzen da, txikia izanik ere, ingurune horretako berezko landaredia duelako eta interes handiko gunea delako, hegazti migratzaileek atsedena hartzeko eta negua igarotzeko". Behin azterketa eginda, paisaia natural babestu bezala kategorizatuko dute aurrerantzean Inurritza.

Berdin gertatzen da Zumaia eta Deba arteko itsasertzarekin. Naturagune hau 2009tik izan da biotopo babestua, fitxaren arabera, "batez ere, nazioartean berezitasun handia duten balio geomorfologikoak dituelako, baita inguru horretako alterazio antropogeniko eskasagatik ere, batik bat, isolatuta dagoelako eta bertara iristea zaila delako. Euskal Autonomia Erkidegoko itsasertzeko ekosistema guztietan balio geologiko, paisajistiko eta naturalistiko handia duten elementuak ditu eremu horrek". Kasu honetan ere azterketa egin dute kategoria berria erabakitzeko, eta Zarauzkoarekin gertatu den bezala, Zumaia eta Deba arteko itsasertza ere paisaia natural babestu bezala katalogatu dute.