Hodei Lujanbio eta Nerea Urteaga izan dira azkarrenak Pagoeta mendi lasterketan

Jabi Gonzalez Toston 2023ko api. 30a, 15:35

Aurreikusitakoa baino baldintza meteorologiko egokiagoak izan dituzte korrika egiteko proban parte hartu duten 482 parte korrikalariek. Dena den, ez dute markarik botatzea lortu. Lasterketa mistoan, Ion Intxausti eta Naroa Uria azpeitiarrak gailendu dira.

Eguraldi aurreikuspenak euria iragartzen zuen arren, apenas egin du eta gozatua hartu dute XVIII. Pagoeta mendi lasterketan parte hartu duten 482 korrikalariek. 532 zeuden izena emanda, baina azken unean huts egin dute askok. Edonola ere, ikuskizun ederra eskaini dute, eta, eguraldia lagun, herritar ugari bertaratu dira lasterketa ikustera. Hori bai, korrikalari bakar batek ere ez du gainsaririk irabaztea lortu aurreko urteetako markak hobetzeagatik.

Hala, Hodei Lujanbio goizuetarrak irabazi du gizonezkoetan, eta nagusitasunez egin du, gainera. Minutu pasatxoko aldea atera dio 21 kilometrotan bigarrena izan den Raul Amatriain Uitziko korrikalariari. 1:40:27 izan da Lujanbioren denbora eta 1:41:36 Amatrianena. Hirugarren, berriz, Xabat Manzisidor azpeitiarra helmugaratu da, eskualdeko ordezkari onena. 1:43:36 izan da bere denbora. Haren atzetik, minutu eta erdira, iritsi da, hain justu, etxeko lehenengo korrikalaria: Jokin Egurbide. Nabarmentzekoa izan da Zarauzko bizilagunak beherakoan egin du lan; izan ere, bi aurkari aurreratu ditu Pagoetako tontorrera seigarren postuan iritsi ondoren. Hori ez da aski izan, onenekin podiumera igotzeko, baina zarauztar onenaren saria eraman du etxera. 

Emakumezkoetan, aldiz, lasterketan lehenengoz egin duen Nerea Urteaga zumaiarra gailendu da. 2:11:13 izan da bere denbora, baina esan beharra dago kostata lortu duela garaipena, amaieran gogor estutu baitu bigarren helmugaratu den Nerea Amilibia zarauztarrak. Bi minutuko aldearekin heldu da Pagoetako tontorrera zumaiarra, baina helmugan 26 segundo eskas atera dizkio aurkariari. Hain zuzen, iazko irabazlea da Amilibia eta birritan igo da podiumera, zarauztar onena ere bera izan delako. Hirugarren helmugaratua ere etxeko korrikalari bat izan da: Ane Mendizabal eta 2:17:20 izan da bere denbora.

Lasterketa mistoa

Korrika bikoteka egin dutene kirolarien emaitzei erreparatuta, Ion Intxausti eta Naroa Uria azpeitiarrak izan dira onenak. 41 minutu eta 25 segundoan amaitu dute zortzi kilometroko ibilbidea, bigarrenak izan diren Maddi Olaetxea eta Unai Udabe usurbildarrak baino 37 segundo azkarrago. Hirugarren, berriz, Aiako Ainhoa eta Mikel Usandizaga neba-arrebak izan dira eta 42 minutu eta bi segundo behar izan dituzte ibilbidea egiteko.

Lasterketa mistoko Zarauzko bikote azkarrenak ere izan du saririk, eta aiarrekin gertatu bezala, korrika elkarrekin egitea erabaki duten neba-arrebek irabazi dute. Agosti eta Iratxe Aranburuk, zehazki.

Lasterketa amaitutakoan, korrikalariek nahiz haiek animatzera gerturatu diren ikusleek hamaiketakoa egiteko parada izan dute. Kroketak, txorizo eta haragi egosi pintxoak edota kupeleko sagardoa edan dituzte goiza borobiltzeko.