Kritikaren Espainiako saria irabazi du Jon Benitok

Jabi Gonzalez Toston 2023ko mai. 2a, 11:00
Jon Benito ETBko 'Artefaktua' saioan. (EITB)

Narratiba sailean nabarmendu dute idazle zarauztarra iaz argitaratu zuen Lagun minak narrazio bilduma poetikoagatik.

Literatur Kritikarien Espainiako Elkarteak Kritikaren Sarien irabazleak iragarri ditu eta sarituen artean dago Jon Benito idazle zarauztarra. Farmazia Beltza argitaletxearen eskutik joan den urtean plazaratu zuen Lagun minak ipuin bilduma poetikoari esker jaso du aitortza Benitok euskarazko Narratiba sailean.

Zarauztarrarekin batera, Aritz Gorrotxategi donostiarra nabarmendu dute poesia sailean. Uda beteapoesia liburuagatik saritu dute. Gainerakoa hizkuntzetan, berriz, Pilar Adonen De bestias y aves eleberria eta Dionisia Garciaren Clamor en la memoria poema liburua izan dira irabazleak gaztelaniaz, Raquel Ricarten El dit de Déu eleberria eta Àngels Marzoren El rastre nival poema liburua katalanez, eta Brais Lamelaren Ninguén queda eleberria eta Yolanda Castañoren Materia poesia liburua galegoz.