Udal eta foru hauteskundeak 2023

PSE-EEk "esperientzia eta gaztetasuna" uztartu ditu zerrendako lehen postuetan

Aiora LarraƱaga Solaberrieta 2023ko mai. 4a, 11:25

PSE-EEko alkategai Glora Vazquezek eta bere taldeak "orain arte egin bezala, inor atzean utzi gabe, Zarautz aurrerakoia lortzeko" lanean jarraituko dute. Horretarako, "herritarrei entzutea eta lidertza eredua aldatzea" beharrezkoa dela uste dute sozialistek.

Atzo arratsaldean, udal hauteskundeetarako zerrendaren aurkezpena egin zuen Zarauzko PSE-EEk, Arrosategi parkean. Hauteskundeetarako "prest eta indarrez gainezka" daudela azaldu zuten ekitaldiaren hasieran, eta beren alderdia ordezkatzeko eta taldearen gidari izateko "alkategai bikaina" dutela nabarmendu zuten: Gloria Vazquez. "Emakume langilea, balio sendoak dituena, zintzoa eta umila da, baina anbizioduna ere bai. Hain zuzen ere, anbizio hori da behar dena Zarautzen alderdi honen lidergoa hartu eta emaitza onak lortzeko".

Sarreraren ondoren, alkategaiak hartu zuen hitza, eta azken urtetan egoera "asko aldatu" dela azpimarratu zuen. "Atzera begiratzen badugu ohartu gaitezke horretaz. Nik neuk orain sentsazio onak ditut, alde batetik, gure proiektu sozial-demokratarekin bat egiten duen jende asko gerturatu zaigulako. Horregatik, udal hauteskunde honetarako hainbat fitxaje ditugu zerrendan eta alderdian". Bestetik, Vazquezek azaldu zuen "jende askok" geratzen diola kaletik udalean egiten ari den "lan ona eskertzeko" eta "animoak emateko". "Niretzat hori bultzada handia da, lana ondo egiten ari garela erakusten baitigu. Urte asko daramatzagu, inor atzean utzi gabe, Zarautz aurrerakoia lortzeko lanean. Sozialistak gure arrastoa uzten ari gara herrian, eta horren adibide dira hainbat proiektu berritzaile: Eraztun Berde-Urdina, Arboteruma edo Emakumeen Etxea. Imajina ezazue zer egin genezakeen alkatetza lortuko bagenu", galdegin zien bertaratu ziren herritarrei.

Ekitaldian Zarauzko Udalak izan duen funtzionamendu eredua ere jarri zuen ezbaian Vazquezek. "Zaharkituta dagoen gobernantza ereduarekin lan egin dugu azken zortzi urtetan. Horregatik, uste dugu Zarauzko Udalean lidergo eredua aldatzeko garaia iritsi dela. Talaiatik begira gobernatzen duten politikariez nekatuta daude herritarrak, horrela zarauztarren iritzi eta beharrak ez baitira kontutan hartzen. Nik lan egiteko modu desberdina proposatzen dut, udala gardentasunetik abiatuta gidatzen duen alkatea izan nahi dudalako, herritarrei entzunaz. Izan ere, horrela bakarrik har daitezke garapen jasangarria ahalbidetzen duten eta herritarren ongizatea helburu duten erabakiak".

Vazquezen iritziz, Zarautzek merezi du alkate bat "berdintasunean, ingurumenean, gazteengan eta herritarrengan sinesten duena". "Guk aurkeztu dugun zerrendan, hain zuzen, esperientzia eta gaztetasuna uztartu ditugu zerrendako lehen postuetan. Prestatutako gazteei tokia eman diegu, etorkizunera begira ikuspegi berritzailea emateko gai direla uste dugulako. Gazteak dira gure etorkizuna, eta zinegotzi izateko aukerak eman diegu, uste dugulako udalean erabakiguneetan egon behar dutela", esanez amaitu zuen bere hitzartzea. Jarraian, zerrendako kideak banan-banan aurkeztu zituen.

Zarauzko PSE-EEk udal hauteskundeetara aurkeztu duen zerrenda:
  1. Gloria Vazquez Herranz.
  2. Inaxio IIlarramendi Lizarreta.
  3. Maria Aranzazu (Arantxa) Zubizarreta Salcedo.
  4. Aritz Landaburu Salegi.
  5. Carmen Fernandez Sanchez.
  6. Pablo Garcia Astrain.
  7. Miren Karmele Agirrezabala Mundiñano.
  8. Beñat Moran Vazquez.
  9. Maria Elena Cancer Rabinal.
  10. Patxi Elola Azpeitia.
  11. Elena Lopez De Guereñu Ucin.
  12. Jose Antonio Legorburu Zulaika.
  13. Maria Aranzazu (Arantxa) Araukua Goiriena.
  14. Jose Balsera Caballero.
  15. Claudia Ximena Ortiz Saavedra.
  16. Ramon Davila Trejo.
  17. Ana Maria Azcue Aldabaldetreku.
  18. Enrique Acuña Arranz.
  19. Maria Aranzazu (Arantxa) Iribar Kortajarena.
  20. Ignacio Maria Bidegain Alberdi.
  21. Gorka Landaburu Illarramendi.