Udal eta foru hauteskundeak 2023

Udal hauteskundeen lanketa berezia egingo du Zarauzko Hitzak datozen asteetan

Erredakzioa 2023ko mai. 12a, 12:00

Maiatzaren 28ko udal eta foru bozen harira, hainbat egitasmo egingo ditu Zarauzko Hitzak.  Alkategaien elkarrizketak ez ezik, biren elkarrizketa digitalak ere eskainiko ditu Zarauzko Hitzak. Alkategaien mahai ingururik ez da izango, EAJk eta Elkarrekin Podemos-Berdeak Equok ezezkoa eman dutelako. Bozen egunean jarraipen berezia egingo du hedabideak, eta biharamunean egunkari berezia kaleratuko du Urola Kostako Hitzak.

Urolako Komunikazio Taldeak hauteskundeei buruzko lanketa berezia egingo du datozen asteetan. Maiatzaren 28an izango dira udal eta foru bozak, eta horien atarian hainbat egitasmo egingo ditu. Gainera, hauteskunde egunean eta gauean horien jarraipena egingo du, eta biharamunean ere eskainiko du bozen gaineko informazioa Zarauzko hedabideak.

Hauteskundeen atarian herriko alkategaiei elkarrizketak egingo dizkie Zarauzko Hitzak. Hain zuzen ere, Xabier Txurrukari (EAJ), Itziar Muruari (EH Bildu) eta Gloria Vazquezi (PSE-EE) eginiko solasaldiak kaleratuko dituzte Urola Kostako Hitzak eta Zarauzko Hitzak maiatzaren 25ean, bideoz nahiz idatziz. Elkarrekin Podemos-Berdeak Equoko hautagai Oihane Delgadori ere proposatu zitzaion elkarrizketa egitea, baina uko egin dio.

Aste horretan bertan, gainera, Itziar Muruari nahiz Gloria Vazquezi galderak bidaltzeko parada izango dute herritarrek. Izan ere, bi alkategai horiek Zarauzko UKTko egoitzan izango dira herritarrek egindako galderak erantzuten; beste biek ez dute onartu  egitasmo honetan parte hartzeko gonbidapena. Elkarrizketa digitalak direnez, haien hitzorduak baino egun batzuk lehenago zabalduko da hautagaiei galderak bidaltzeko epea; aurrerago emango ditu hedabideak xehetasunak.

Azken urteetan alkategaien mahai ingurua antolatu izan du hedabide honek Zarautzen, eta aurten ere Urolako Komunikazio Taldeak ahalegin berezia egin du egitasmoa aurrera eramateko, baina tamalez, ez da posible izan. Hedabide honek alkategai guztiei egin die bertan parte hartzeko proposamena, baina Elkarrekin Podemos-Berdeak Equo koalizioko eta EAJko hautagaiek parte ez hartzea erabaki dute.

Hauteskunde eguna eta biharamuna

Hauteskundeen egunean eta gauean jarraipen berezia egingo du Zarauzko Hitzak webgunean. Hain zuzen ere, argazki bildumak, bideoak, parte hartze datuak eta abar eskainiko ditu Zarauzko hedabideak egun osoan zehar webgunean. Gainera, gauean zuzenean eskainiko ditu herriko emaitzak Zarauzkohitza.eus-en, baita alderdien eta alkategaien lehen erreakzioak ere.

Biharamunean bozei eskainitako egunkari berezia kaleratuko du Urola Kostako Hitzak, eta egun horretan ere foru bozen emaitzak zein bestelako hainbat eduki eskainiko ditu Zarauzko Hitzak.