Udal eta foru hauteskundeak 2023

"Energia komunitateak ezarriko ditugu Zarautzen"

Jabi Gonzalez Toston 2023ko mai. 15a, 13:15
PSE-EEko kideak Itxasmendin, Iritako hezegunea berreskuratzeko egiten ari diren lanen aurrean. (Jabi Gonzalez Toston)

Politika berdeak sustatzen jarraitu asmo du PSE-EEk datorren agintaldian klima aldaketari aurre egiteko. Halaber, herritarrekiko gertutasuna eta gardentasuna ere hitz eman ditu.

Ingurumena babestea izango da alderdi sozialistaren xede nagusietako bat datorren agintaldiari begira. Hala hitz eman du Gloria Vazquez alkategaiak bere hauteskunde programako ildo nagusiak aurkezteko goizean egin duen agerraldian. Vazquezek nabarmendu duenez, Zarauzko Udal Gobernura iritsi direnetik "irauli" egin dituzte herriko ingurumen politikak eta bide horri eutsi nahi diote datorren agintaldian.

Zentzu horretan, alkategai sozialistak adierazi eman du energia komunitateak ezarriko dituela herrian, alkate izatea lortzen badu: "Gure apustu nagusietako bat da energia komunitateak Zarautzen martxan jartzea, agintaldi honetan ere egin dut horretarako ahalegina, baina gobernu bazkide dugun EAJak ez du nahi izan beraientzat ez delako helburu garrantzitsua".

Horrez gain, politika parte hartzaileak eta gardentasuna ere hitz eman ditu: "Alkate izate lortzen badut ez da bizilagunen bizilagunen kexurik izango gardentasun faltagatik, orain arte gertatu den bezala. Dena den, herritarrek badakite nola egiten dudan lan, ez diet bete ezin dezakedan ezer hitz eman, arretaz entzun ditut eta eskertu egiten dute hori. Horregatik, uste dut beharrezkoa dela aldaketa bat izatea udaleko kudeaketan".

Foru ekonomia jasangarria

Zentzu horretan, Jose Ignacio Asensio ahaldungaiak azpimarratu du "beharrezkoa" dela sozialistak erakundeen buru izatea herritarren benetako arazoei heltzen dietelako, "ez gara arazo bila aritzen ez dagoen tokian". Halaber, Gipuzkoako Aldundirako dituen asmoen berri ere eman du: "Ekonomia jasangarria bultzatu nahi dugu, baina justizia soziala alboratu gabe, aldi berean".

Ildo beretik, Vazquezek aipatutako energia komunitateak ere izan ditu hizpide Asensiok: "Gipuzkoako herrien erdiak tokiko energia komunitateak dituzte, non herritarrak diren parte hartzaileak. Energia berriztagarriak bultzatzen ari gara eta ekoizpena nahiz kontsumoa demokratizatuta ari gara egiten".