Odola emateko aukera izango da bihar

Jabi Gonzalez Toston 2023ko mai. 16a, 09:40

16:30etik 20:30era izango da ateraldia anbulatorioan eta goizean eskatu beharko dute hitzordua herritarrek.

Zarauzko bizilagunek bihar izango dute odola emateko maiatzeko hitzordua, anbulatorioan. Hala, parte hartu nahi duen orok 16:30etik 20:30era izango du horretarako aukera. Hori bai, aldez aurretik deitu beharko dute hitzordua eskatzeko. Bihar bertan egin beharko dute, goizean, 943-00 78 85 telefono zenbakira deituta.

Gipuzkoako Odol Emaileen Elkarteak aurten egingo dituen hurrengo odol ateraldiek ere badute data, urte hasieran zehaztu baituten egutegia osorik. Honako egun hauetan egingo dituzte: ekainaren 14an, uztailaren 12an, irailaren 13an eta urriaren 18an. Abuztuan ez dute odol ateraldirik egingo, eta azaroko eta abenduko hitzorduak oraindik zehaztu gabe daude.