Animalien ongizatearen aldeko sentsibilizazio kanpaina abiatu dute

Jabi Gonzalez Toston 2023ko mai. 17a, 09:00
Animalien ongizatearen aldeko sentsibilizazio kanpainaren bultzatzaileak. (Zarauzko Udala)

Adopzioa bultzatzea eta elkarbizitza hobetzea dira egitasmoaren helburu nagusiak. Kartelak jarri dituzte txakur parkeetan, eta sare sozialetan ere zabaldu dituzte mezuak.

Zarauzko Udalak animalien ongizatea bultzatzeko sentsibilizazio kanpaina jarri du abian, bi helburu nagusirekin: etxeko animalien adopzioa sustatzea, batetik, eta pertsonen eta maskoten elkarbizitza hobetzea, bestetik.

Kanpaina aurrera eramateko, Gipuzkoako Animaliak eta Landareak Babesteko Elkartearekin eta egitasmoa bultzatu duen Iñigo Gutierrezekin elkarlanean ari da udala, eta abandonatuak izan diren eta animaliak babesteko elkarteak erreskatatu dituen benetako txakurren irudiekin egindako hainbat kartel jarri dituzte herriko txakur parkeetan. Izan ere, xede nagusietako bat da maskota izan nahi duten herritarrek adopzioa lehenestea. Bada, balizko adopzio horiek errazteko, www.animaliakgizakiak.eus atari digitalera zuzenean eramaten duen QR kodea ere izango dute aipatu kartelek. Bertan, une honetan adopta daitezkeen txakurren profila ikusi ahalko dute herritarrek.

Pertsonen eta animalien arteko elkarbizitza hobetzea da kanpainaren beste helburua, eta horretarako, maskoten jabeak interpelatu nahi dituzte; izan ere, arduraz jokatu behar dute, eta udal araudia bete. Jabeei gogorarazi diete garrantzitsua dela herri erdigunean txakurrak lotuta eramatea, oinezkoekin edo beste txakur batzuekin gatazkak saihesteko eta kaka non egiten duten une oro kontrolatzeko.

Maskoten jabeengan eragiteko ere kartelen bidea baliatu dute, baina ez da bakarra izan, kalean ez ezik, sare sozialetan ere zabaldu dutelako sentsibilizazio kanpaina, #animaliakgizakiak traolaren bidez.

Kaleko katuak ere jomugan

Zarauzko Udalak gogoratu du, halaber, azken urteetan egin dituztela urrats gehiago pertsonen eta maskoten arteko elkarbizitza hobetzeko bidean. Horren adibide dira sortu dituzten txakurrentzako sei parkeak. Horren harira, esan behar da, gainera, txakur parke gehien dituen Gipuzkoako udalerria dela Zarautz.

Dena den, txakurrekin ez ezik, katuekin ere hartu dituzte neurriak: kumaldiak erregulatu dituzte CER metodoaren (harrapaketa, esterilizazioa eta itzulera) bidez, eta bide publikoko elikadura ere arautu dute.