Legezko frekuentziaren eskaera eginda, Madrilgo erantzunaren zain dago Arraio irratia

Aritz Mutiozabal 2023ko mai. 17a, 10:30
Arraio irratiaren estudioa Hiruputzu gaztetxean. (Jabi Gonzalez Toston)

Kideek aitortu dutenez zalantzak izan dituzte erabakia hartzeko orduan eta beharrezko dokumentazioa biltzeko prozesua bera ere nekeza nekeza izan da.

Euskal Herriko hainbat irrati librek legezko frekuentzia bat lortzeko pausoak eman dituzte, eta Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntz Politika saileko iturriek azaldu dutenez, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan eskaera egin duten hamabi irratirentzat frekuentzia eskaera egin dute Madrilen, Espainiako Ekonomia Gaietako eta Transformazio Digitaleko Ministerioan.

"Kontua zen urte amaierarako egin behar zela gure emisioa legeztatzeko eskaera, eta zalantza horrekin ibili ginen. Azkenean, Arrosa Sareko irrati libre batzuek eskaera ez egitea erabaki zuten, eta beste batzuek, berriz, aurrera egitea erabaki genuen. Uste dut gehienok izan ginela", aditzera eman du Unai Agirre Arraio irratiko kideak.

"Gure eskaera onartu dute, eta, guztira, hamabi gara EAEn. Gero, Espainiako Gobernuak erabakiko du zeintzuk legeztatuko dituen, eta ikusi beharko dugu haien ebazpenak nola eragiten digun: egun bezala jarraituko ote dugun ala okerrago; legeztatzen bagaituzte, FMko frekuentzia aldatu beharko dugun ala egun duguna mantentzeko aukerarik izango dugun... Ondorioak zeintzuk izan daitezkeen ez dakigu oso garbi", arraiokideen kezken eta zalantzen berri eman du Agirrek.

Aurkezteko orduan ere zalantzak eduki zituzten beren artean, agiri kontuak medio. "Ez genekien aurkeztu behar ziren dokumentuak bagenituenik ere, eta, egia esan, pixka bat nekeza izan da prozesua, alde horretatik", dio Maite Aizpuruak. Bestalde, filosofia eta izaeragatik ere izan da nekeza: "Zalantzan ibili gara, irrati librea garen heinean, ea uhin bat eman behar diguten edo gu geu nahikoa garen emititzeko, Gobernuaren menpe egon gabe".

Azkenean, pauso bat aurrera ematea erabaki dute, eta orain, erantzunaren zain daude. "Eskaera egitea erabaki baldin badugu, horrela hobe dela pentsatzen dugulako da". Orain erantzunaren zain daudela adierazi dute arraiokideek, ziurgabetasunez, horrek guztiak zer norabide hartuko duen ez dakitelako.

Erlazionatuak

Seinalea beti egon da bizirik

Aritz Mutiozabal 2023 mai 17 Zarautz