Zarautzen bizi zen Orion gertatutako hilketa matxistaren egilea

Erredakzioa 2023ko mai. 17a, 11:35
Hilketa Orion (Arnaitz Rubio)

Josu Erkoreka Segurtasun sailburuak baieztatu du atzo gertatutakoa azaltzeko eskaini duen prentsaurrekoan. Mugimendu Feministak eta Itaiak protestak deitu dituzte eta La Salle Ikastetxean minutuko isilunea egin dute.

Atzo arratsaldean Orion gertatutako hilketaren ikerketak zabalik jarraitzen du eta indarkeria matxista kasu gisa ari dira ikertzen. Hala baieztatu du Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburuak gertatutakoaren nondik norakoak azaltzeko egin duen agerraldian. Hipotesi nagusia da gizonak bere buruaz beste egin zuela bikotekide ohia erail ondoren. Hori horrela, sailburuak esan du Euskal Autonomia Erkidegoan gertatu den lehenengo erailketa matxista litzakeela urtea hasi zenetik. Halaber, Erkorekak zehaztu du ustezko hiltzailea  Zarautzen bizi zen Alberto Casado zela eta Orion familia zuela.

Bien bitartean, gertatutakoa gaitzesteko Orioko mugimendu feministak gaur gaur 19:00erako deitu duen protestarekin bat egin du Urola Kostako Mugimendu Feministak eta bertara joateko deia egin die herritarrei. Horrez gain, elkarretaratzea deitu dute biharko. 18:30ean jarri dute hitzordua Lege zaharren enparantzan Itaia Emakumeon Antolakunde Sozialistak bezalaxe.

La Sallen, berriz, minutuko isilunea egin dute hildako emakumearen familiari babesa adierazteko; izan ere, ikastetxeak jakinarazi du bertako ikasle baten ama zela.