Udal eta foru hauteskundeak 2023

Zarauzko EH Bilduk herriko auzoak bisitatzen jarraituko du datozen egunetan

Mireia Galarza Bastida 2023ko mai. 20a, 11:00

Itziar Murua alkategaiak azaldu duenez, "oso harrera ona" ari dira izaten orain arte bisitatutako auzoetan, eta jendeak "hurbiltasuna eskertu du". Hurrengo egunetan Santa Marinan, Vista Alegren, Malekoian eta Aritzbatalden izango dira. 

Zarauzko EH Bilduk herriko auzoak bisitatzen jarraituko du datozen egunetan. Kanpaina hasi zenetik gaur arte, Azken Portun, Iñurritzan eta Itxasmendin izan da koalizioa, eta hurrengo egunetan Santa Marinan, Vista Alegren, Malekoian eta Aritzbatalden izango dira. 

Itziar Murua alkategaiak azaldu duenez, "oso harrera ona" ari dira izaten orain arte bisitatutako auzoetan, eta jendeak "hurbiltasuna eskertu du". EH Bilduko alkategaiak gaineratu du herria ezin dela "hura osatzen duten auzorik gabe ulertu", eta "ezinbestekoa" dela bakoitzarentzat duten proposamena bertatik bertara azaltzea. Bide horretatik, "eskerrak" eman nahi izan dizkie hurbildu diren herritarrei. 

Proposamenak, auzo guztientzat

Koalizioa auzo guztientzat dituzten proposamenak ari dira azaltzen egunotan, beraien hitzetan, ez dutelako nahi "zerbitzu eta eskaintza guztiak erdigunean zentralizatu eta auzoak bizirik gabe uztea".

Proposatutako ekintzen artean daude, besteak beste, Zuberoa kaleko parkeetako bat estaltzea, Landalurrean hiri eremutik kanpora fibra ezartzeko erraztasunak jartzea, Salbiden apartamentu turistikoak eta beraien aparkaleku eskubideak arautzea, eta Talai Mendiko N-634 errepidea pasatzen den zatian bertako biztanleen segurtasuna bermatzeko neurriak hartzeko eskatzea.