Miren Altunak alzheimerrari buruzko hitzaldia emango du

Aritz Mutiozabal 2023ko mai. 21a, 11:15

Zer dakigu benetan Alzheimerraz? Diagnostiko goiztiarra egingarria da hitzaldia antolatu du ZarautzOn elkartean datorren astearterako, maiatzaren 23rako. Miren Altuna aditu zarauztarra ariko da hizlari, 19:30etik aurrera, Modelo aretoan.

CITA Alzheimer fundazioko neurologoa eta doktoratu ondoko ikertzailea da Miren Altuna, eta asteartean Modelo aretoan izango da alzheimerrari buruzko zehaztapenak ematen, ZarautzOn elkarteak antolatutako hitzaldian.

Biztanleriaren zahartzeak erronka soziosanitario berriak dakartza; horien artean zahartzaroari loturiko osasun arazoen maiztasuna nabarmen areagotzea, narriadura kognitiboa eragiten duten gaixotasunak barne. Alzheimerren gaixotasuna da guztietan ezagunena, baina ez bakarra. Zahartzaro osasuntsuari loturiko aldaera kognitiboak eta gaixotasun baten abiapuntu izan litezkeen lehen sintomak ezberdintzea ezinbestekoa da, diagnosi goiztiar eta egoki bat egin ahal izateko.

Hitzaldiaren oinarria hori izango da, eta neurologo zarauztarrak hortik bideratuko du bere hitzaldia, 19:30etik aurrera. Era berean, osasun arazo horien diagnostiko goiztiarrean, zehazki, Alzheimerren gaixotasunari dagokionez, egindako aurrerapenak helaraziko ditu.