Hondakinik onena, sortzen ez dena

June Romatet Ibarguren - Gipuzkoako Hitza 2023ko mai. 21a, 09:00
Zarauzko hondartzan egindako itsas hondakin bilketetako bat. (Mater)

Pasaiako Mater Ontzi Museo Ekoaktiboaren ekimenez, itsasoa eta hondartzak hondakinik gabe mantentzeko konpromisoa hartu du Zarauzko Udalak. 2030erako Eskola Agenda proiektuaren barruan, ikasleekin hondakinak biltzen aritu dira hemeretzi saiotan eta Gipuzkoako Hitzan jaso dute saioek emandakoa.

Litxarrerien poltsak, zigarro puntak, plastikozko botilak, tapoiak eta ehunka zabor gehiago topa daitezke gaur egun Gipuzkoako hondartzetan. Haizeak herriko kaleetatik hondar artera eramandakoak, zein eguzkia hartzera joan eta etxera buelta egiterakoan jaso beharrean bertan utzitakoak. Hondarretatik itsasora iristen da zaborra, eta itsasoan, olatu artean, alde batera eta bestera nabigatzen amaitzen du, itsasoa geroz eta gehiago kutsatuz.

Pixkanaka ugaritzen ari dira itsasoko hondakinen inguruan kontzientzia sortu nahian lanean ari diren pertsona, talde edo erakundeak, eta horietako bat da Pasaiako Mater Ontzi Museo Ekoaktiboa, ingurumen hezkuntza zentro berritzailea. 2022-2023ko ikasturtean Zarauzko Udalaren 2030erako Agenda proiektuarekin, Ingurumen departamentuarekin eta Eraztun Berde Urdina egitasmoarekin elkarlanean aritu dira Materreko kideak, eta hemeretzi saio egin dituzte Zarauzko hondartzan, hondakinak biltzeko.

Sara Lizarza Materreko proiektu arduradunak kontatu du gazteenekin hondakin bilketa egin dutela Zarautzen, eta nerabeekin eta goi mailako graduetako ikasleekin mikroplastikoen analisiak egin dituztela. 713 zarauztarrek hartu dute parte hemeretzi saio horietan, Zarauzko hezkuntza zentroetako 681 ikaslek eta 32 herritarrek. 83,4 kilo itsas hondakin bildu dituzte denera, eta 8.500 elementu kutsagarri baino gehiago; horietatik ia 4.000, mikroplastikoak.

Mater Ontzi Museo Ekoaktiboko kideek hainbat urte daramatzate herritarrekin lanean, eta Lizarzak aitortu du "geroz eta kontzientziatuago" ikusten dituela herritarrak: "Uste dugu jendea konturatzen dela itsas hondakinen arazoaz. Herritarrek badakite gaur egun euskal kostaldean zaborra badagoela, baina informatuta egotetik ekintzara pasatzea falta zaigu".

Jarraitu Gipuzkoako Hitzaren atarian artikulua osorik irakurtzeko.