Aritzbatalde kiroldegira lekualdatu dute 17 urtez azpiko 3x3 Gipuzkoako Txapelketa

Jabi Gonzalez Toston 2023ko mai. 21a, 12:40

Malekoian jokatu behar zuten, hasiera batean, baina eguraldi aurreikuspena dela eta estalpean egitea erabaki dute antolatzaileek.

Zarauzko Aritzbatalde kiroldegian jokatuko dute, azkenean, lehenengo aldiz antolatu duten Saskibaloiko 3×3 modalitateko kluben arteko Gipuzkoako Txapelketa 17 urtez azpiko kategorian. Hasiera batean, Malekoian, Dama aurreko zabalgunean jokatu behar zuten, baina eguraldi iragarpenak giro euritsua aurreikusten zuenez, Aritzbataldera lekualdatzea erabaki zuten antolatzaileek, esan bezala.

Ordutegira ere aldatu dute, gainera; izan ere, nesken txapelketa eguerdian zuten egitekoa eta arratsaldean mutilena. Leku aldaketarekin, ordea, txapelketa arratsaldean jokatuko da oso-osorik. 15:30etik 19:30era, zehazki. Horren zergatia da eremu zabalagoa dela Aritzbatalde eta bi joko eremu ezarri ditzaketela. Azken batean, kantxa erdian jokatzen dute 3x3a modalitatea.

Txapelketari erreparatuta, hamabi taldek hartuko dute parte, guztira: zortzi gizonezkoetan –bi multzotan banatuta–, eta lau emakumezkoetan. ZAST Zarautz etxeko taldeak lehen multzoan jokatuko du, EASO Gipuzkoa Basket Mandoegi, Goierri Gaestopas eta Alter Consulting ISBrekin batera, eta, bigarren multzoan, ondorengo hauek ariko dira: TAKE Burruntzi, Mondragon Unibertsitatea, EASO Basket Andatza eta Askatuak Hollis. Emakumezkoen lau taldeak, berriz, hauek izango dira: EASO Ibaeta Basket, Fundibide ISB, EASO Basket Plagamania eta Atletico SN SN Garazi.