Ia 700 lagunek parte hartu dute Haimar Zubeldia Klasikoa zikloturista proban

Gorka Eizagirre 2023ko mai. 21a, 17:00

Txirrindulari profesionalak izandako zenbaitek ere parte hartu dute; besteak besteak, Haimar Zubeldiak, Carlos Sastrek, Marino Lejarretak, Mikel Nievek eta Iban Mayok. Nieveri eta Mayori omenaldia egin diete martxa hasi aurretik.

Zarauzko Zikloturista Elkarteak antolatuta, Haimar Zubeldia Klasikoa zikloturista proba entzutetsua egin dute gaur. Eguraldi ona zegoen emanda, eta iragarpenek ez dute hutsik egin: baldintza egokiekin, bizikletan ibiltzeko aukera polita izan dute errepidera irten diren 693 lagunek; horietatik 32, emakumeak.

Txirrindulari profesionalak izandako hainbat izen handi izan dira irteera marran: Haimar Zubeldia bera; iaz parte hartu zuen Carlos Sastre; Marino Lejarreta; aurten erretiroa hartu duen Mikel Nieve; eta Iban Mayo, besteak beste. Azken bi horiei, gainera, omenalditxoa egin diete martxa abiatu aurretik. Zarauzko Udaleko Kirol zinegotzi Leire Aranak txapel bana jarri die. Horiez gain, Herbehereetatik etorritako hamabost laguneko talde batek ere parte hartu du.

Aritzbatalde kiroldegiaren paretik abiatu dira, 08:00etan, eta Urola Kosta, Tolosaldea eta Goierri eskualdeetan zehar 160 kilometroko ibilbidea osatu ondoren, hasitako toki berean helmugaratu dira. Aurretik, ordea, bost mendate zorrotz gainditu behar izan dituzte bidean, guztira 2.475 metroko desnibela gaindituta.

Parte hartzaile bakoitzak bere erritmora joateko aukera izan du, eta multzo ezberdinetan osatu dute klasikoa. Azkenean, erabat saretuta ailegatu dira Zarautzera, egindako ahaleginarekin gustura. Amaieran, ganoraz indarberritzeko anoa postu ederra izan dute txirrindulariek Aritzbatalde pilotalekuan, zikloturista elkartearen eskutik. Hainbat opariren zozketak ere egin dituzte parte hartzaileen artean.