"Sendabidea urrun dago, baina badugu itxaropena"

Jabi Gonzalez Toston 2023ko mai. 23a, 09:00
Miren Altuna neurologo zarauztarra. (Jabi Gonzalez Toston)

Narriadura kognitiboan aditua da Miren Altuna (Zarautz, 1988) neurologoa. Mendaroko eta Eibarko ospitaleetan egiten du lan, eta Donostiako CITA Alzheimer fundazioko ikerlaria ere bada.

Zer dakigu alzheimerrari buruz? izena jarri diote gaur emango duzun hitzaldiari. Zer dakizue adituek gaitzaz? Zer azalduko duzu saioan?

Denok dakigu alzheimerra adinari loturiko gaixotasuna dela, baina horrek ez du esan nahi denok izango ditugula memoriari loturiko arazoak urteak betetzen ditugun heinean edo memoriari lotutako arazo guztiak alzheimerragatik direnik. Horregatik, garrantzitsua da jakitea noiz kezkatu behar garen benetan gaixotasuna izan dezakegulako eta nola jokatu diagnosi goiztiarra egiteko. Era berean, komeni da jakitea zer aurrerapen izan diren azken urteetan. Esan beharra dago nabarmenak izan direla, diagnosi goiztiar horri lotuta, batez ere, eta itxaropenerako tartea ere zabaldu dela hogei urteren ondoren tratamendu eraginkorrak agertzen hasi direlako.

Itxaropena aipatu duzu. Senda al daiteke alzheimerra?

Gaitza sendatzeko bidea oso urrun ikusten dugu. Azken finean, bi dira buruan metatu ondoren neuronen heriotza eragiten duten gaixotasunaren proteinak. Itxaropena pizten diguna da onartzear dauden tratamenduak proteina horietako bat kentzera daudela bideratuta, eta hobekuntza nabarmena litzateke hori. Beste proteinak, ordea, buruan jarraituko du. Gainera, jada neuronak hil badituzte, ez dago atzera bueltarik. Aipatu tratamendu horietako bik baldintzapeko onespena jaso dute eta entsegu klinikoen bigarren fasean daude. Azken ebaluazio hori positiboa bada, San Fermin egunean onar ditzakete. Onartuko dituztela uste dugu.

Ikerketa da, hain justu, zure lanetako bat, ezta? Nolakoa da ikerlari baten lana?

Nik egiten dudan ikerketa lana oso desberdina da. Alde batetik, ikerketa klinikoa egiten dut, narriadura kognitiboaz harago, sintoma eta osasun arazo ohikoenak zein diren ezagutzeko. Horretarako, harreman zuzena izaten dut gaixoekin. Zentzu horretan, Down sindromea duten pertsonekin egin dut lan, batez ere; izan ere, badakigu guztiek garatzen dutela alzheimerra. Halaber, alzheimerra eta epilepsia duten pertsonekin egiten dut lan, alzheimerrak epilepsia arriskua areagotzen baitu. Bestetik, laborategiko lana ere egiten dut. Bertan, bio-markatzaile berrien bila ari gara, besteak beste, etorkizunean odolaren bitartez garaiz atzeman ahal izateko gaitza.

Hain justu, gaurko hitzaldiaren izenburuak ere egiten dio aipamena diagnostiko goiztiarrari. Zein dira norbaitek gaitza izan dezakeela iradokitzen duten lehen sintomak?

Diagnosi goiztiarrak esan nahi du dementziara iritsi aurretik atzematen zaiola gaitza hura pairatzen duen pertsonari. Bestela esanda, helburua da pertsonak oraindik bere autonomia galdu ez duenean atzematea gaitza, eguneroko bizitza arrunta egiten ari denean.

Lehen sintomak memoria arazoak izaten dira: aurreko egunean egin edo esandakoak ahaztea eta elkarrizketa berberak izatea, adibidez. Halakoetan, arazo horiek dituen pertsonak bere eguneroko bizitza egiten jarrai dezake, eta momentu horretan egin behar zaio diagnosia. Baditugu horretarako tresnak.

Diagnosi goiztiarrak duen garrantziaren zergatia gaitzaren garapena moteltzeko denbora gehiago ematen dizuela al da?

Hain justu, aurrez aipatutako azken ebazpenaren zain dauden tratamendu horiek dira gaitzaren garapena moteltzea lortuko luketenak. Egun ditugun botikek ez dute moteltze hori eragiten, nahiz eta duela hogei urte merkaturatu zituztenean hala  esan ziguten. Dena den, egia da sintomak hobe ditzaketela.

Diagnosi goiztiarrak ahalbidetzen duena da medikaziorik gabe memoria hobetzeko ariketak egiten hastea eta gure burua egokitzea eguneroko bizitza ahalik eta modu normalenean aurrera eramaten jarraitzeko. Horrez gain, niretzat garrantzitsuena da, etorkizunari begira, gaixoak garaiz har ditzakeela erabakiak eta bere azken borondateak aldez aurretik adieraz ditzakeela. Izan ere, oraindik ez du galdu gaitasun intelektuala.

Existitzen diren gaitz krudelenetako bat dela ere esaten da alzheimerraz.

Bai. Hainbat epetan da krudela, gainera. Lehenengo fasean, diagnosia egin aurretik, gaixoa kontziente da zerbait gertatzen zaiola eta badaki zer datorkion –inguruan ikusi duelako askotan–, eta bere kabuz moldatzeko gai izango ez dela jakiteak antsietatea sortzen dio. Gerora, gaixotasuna aurrera doan heinean, ingurukoentzat askoz ere krudelagoa da gaitza pairatzen duen pertsonarentzat baino; izan ere, isolatu egiten da gaixoa, eta ingurukoek ez dakite benetan zer den sentitzen duena eta nola lagun dezaketen. Halako egoerak bereziki zailak dira min fisikoa agertzen denean.

CITA Alzheimer fundazioan ere aritzen zara. Zein da zure rola han, eta zer egiten du taldeak?

Hamar urte ditu fundazioak, eta hainbat helburu ditu. Batetik, memoriaren klinika du; narriadura kognitiboa duten pertsonek edo arazoak dituztenek jotzen dute bertara bigarren iritzi bat nahi dutelako edota lehenengo azterketa egiteko, eta, bestetik, ikerketa proiektuak ere garatzen ditu. Gehienak oso klinikoak eta gizarteari loturikoak dira, baina entsegu klinikoak ere egiten dituzte, botikekin nahiz horiek gabe.

"Erronka polita" sorterrian azalpenak ematea

ZarautzOn elkarteak antolatuta, Zer dakigu benetan alzheimerraz? Diagnostiko goiztiarra egingarria da hitzaldia emango du gaur Miren Altuna neurologo zarauztarrak, 19:30ean, Modelo aretoan. Bizilagun dituen herritarren aurrean aritu beharra "erronka" izango dela aitortu du Altunak: "Batez ere, zientzialarioi askotan kosta egiten zaigulako jende guztiak ulertuko duen mezua ematea".

Aldi berean, ordea, gustura egingo duela dio: "Beti da polita norbere lana etxean zabaltzea". Zentzu horretan, zarauztarrak adierazi du askotan inguruko jendeak ez dakiela zer-nolako ikerketa maila dagoen Donostian bertan eta nola parte hartu dezakeen horretan: "Atzerriko kongresuetara joaten gara gurean egiten ari garenaz azalpenak ematera, eta garrantzitsua da gure gertukoek ere jakitea zer egiten dugun".  

Gaurko hitzaldiari lotuta, Altunak nabarmendu du azkenaldian gisa horretako hitzaldi ugari eman dituela Donostian eta gizartea informatzea dela helburua, "alzheimerrari buruz eta narriadura kognitiboari buruz, oro har".