Emakume* Sortzaileen Azokan parte hartzeko epea zabaldu dute

Aritz Mutiozabal 2023ko mai. 24a, 09:00
Erakusketa Emakumeen* Etxean. (Aritz Mutiozabal)

Egitasmoa uztailaren 15ean ospatuko dute Belauntzaran plazan, eta herriko sortzaileak, artistak eta ekintzaileak ekainaren 4a bitartean izango dute izena-emateko aukera.

Emakumeen* Etxeak antolatuta, Zarauzko Emakume* Sortzaileen Azoka egingo dute lehen aldiz uztailaren 15ean. Egitasmo honen bitartez, herriko emakume sortzaileei plaza eman nahi zaie, haien lana ikusarazteko eta presentzia emateko. Helburua hori izanda, herriko sortzaileak, artistak eta ekintzaileak bertan parte hartzera gonbidatu ditu udalak.

Belauntzaran plazan atonduko dute azoka, Emakumeen* Etxearen parean, eta goiz-eguerdin partean egongo da zabalik, 10:30etik 14:30era. Bertan parte hartu nahi dutenek emakumeen-etxea@zarautz.eus  helbidera idatzi behar dute, izen-abizenak, telefonoa, eta egiten den lanaren lau argazki eta deskribapena adierazita. Mezuak jasotzeko epea ekainaren 4ko 09:00etan amaituko da.

Emakumeen* Etxeak karpak, aulkiak eta mahaiak jarriko ditu azoka egunean. Beste zerbait behar izanez gero, mezuan adierazi beharko dute sortzaileek. Ekainaren hasieran izena eman duten pertsonekin harremanetan jarriko dira ekitaldia antolatzeko.

Edozein informaziorako edo zalantza argitzeko, Emakumeen* Etxearekin jar daiteke harremanetan: bulegoa astelehenetik ostiralera dago irekita, 10:30etik 12:30era eta 15:30etik 20:30era. Bestela, 943-00 51 36 telefono zenbakira dei daiteke edo emakumeen-etxea@zarautz.eus helbidera idatzi.