Koska bat gehiago ibilbide oparoan

Aritz Mutiozabal 2023ko mai. 24a, 10:00
Zarautz Abesbatzako batzordekide Juanma Bujanda, Txema Gomez, Nerea Mugerza, Arantza Iturria eta Ana Cristina Larreina, elkartearen egoitzan. (Aritz Mutiozabal)

Zarautz Abesbatzak 40 urte betetzen ditu aurten, eta hainbat ekitaldi antolatu ditu urte osorako. Urteurreneko ekitaldi nagusia azaroaren 18an egingo dute, Aritzbatalde kiroldegian, eta egun horretan 200 lagun elkartuko dituzte oholtzan.

Zarautz Abesbatza urteurren biribila ospatzen ari da aurtengoan. 1983an eman zituzten herriko abesbatza sortzeko lehen pausoak, udalaren eskariz eta babesean; lehenengo aldia –1983tik 1996ra– Joakin Iruretagoienaren zuzendaritzapean egin zuen, eta bigarrenean –1996tik aurrera– Jaione Eskudero izan du zuzendari. 40 urteko ibilbide luzean bezain oparoan askotariko emanaldiak eskaini dituzte; besteak beste, Zarautzen 750. urteurreneko kontzertua, Euskadiko Orkestra Sinfonikoarekin emandakoak, Angel Illarramendiren hainbat piezaren estreinaldiak edo Francisco Eskuderoren, Basarriren, Xabier Lizardiren eta Imanol Urbietaren oroimenezko urtemugetakoak. Orain, ospakizun betean, Zarautz Abesbatzari dagokio omenaldi ekitaldiekin gozatzea.

Urteurreneko kontzertu "potentea" azaroaren 18rako aurreikusi dute, Aritzbatalde kiroldegian, eta Zarauzko Musika Bandarekin batera eskainiko dute; izan ere, bandak ere efemeride bera ospatzen du aurten. Guztira, 200 lagun inguru elkartuko dira emanaldian: bandako musikariez eta egungo abesbatzako kideez gain, garai batean koruan aritutako jendea batuko zaie kontzertu berezirako.

"Urte dezente lagata egon ondoren, gustu handiz jaso dute gonbidapena. Ilusioa egin die lehengo jendearekin egon eta berriz elkarrekin kantatzeak". Urteurreneko kontzertuan parte hartzeko "oso erraz konbentzitu" dituztela dio Zarautz Abesbatzako batzordekide Juanma Bujandak, «saio puntual baterako delako». Momentuz, hilean behin entseatzen dute –hileko azken asteazkenetan–, Imanol Urbieta musika eskolan, baina hitzordua gerturatu ahala, sarriagotan geratu beharko dutela uste dute, dena behar bezala atera dadin.

Urteurreneko ekitaldiekin, ordea, dagoeneko hasita daude. Aste Santuen bueltan, Bordelera (Okzitania) bidaiatu zuten, eta hiru kontzertu eskaini zituzten han. Gainerakoan, urtean zehar antolatu ohi dituzten saioak aurreikusi dituzte: udako kontzertua, Tolosako (Gipuzkoa) lehiaketara aurkeztutako abesbatzen emanaldiak, Santa Zeziliako kalez kaleko kantaldia, Gabonetako kontzertu solidarioa eta Gabonetako mezetako emanaldia.


Bost lagun hasieratik

Zarautz Abesbatza sortu zenetik jende ugari igaro den arren, bost kide dira hasiera-hasieratik taldean jarraitzen dutenak: Joxe Manuel Egaña, Inazio Goenaga, Maria Antonia Arizketa, Arantza Iturria eta Jaione Eskudero. «Bizipen ikaragarriak gordetzen ditugu. Hau nire bizitza balitz bezala da», azaldu du Iturriak. Urteurrena ilusio handiz bizitzen ari dira abesbatzako kideak, eta jakitun dira «koska bat gehiago» dela elkartearen ibilbidean. 

«Gozatu egiten dugu momentuaz, eta batzuetan zuzendariak estutu egiten gaitu, hobetu dezagun. Baina baloratu egin behar dugu hori guztia». Kutsu publikoa duen abesbatza dela zehaztu dute: «Herriak behar gaituen guztietan hor egongo gara».

Dena dela, abesbatzako parte hartzeaz kezkatuta agertu dira batzordekideak. Batez ere, gizonezkoen ahotsak behar dituztela nabarmendu dute, batez beste gizonezko partaide gutxiago dituztelako eta jakin badakitelako gizon abeslariak ere badirela. Desoreka hori herri guztietako fenomenoa dela kontatu dute: «Federazioa ere kezkatuta dago, zentzu horretan».

Santa Marinako jaietan, esaterako, Arrai Zopa taldearekin kantuan hasteko lotsarik ez dutela ikusi dute, baina agian, «loturak» edo «konpromisoak» direla medio, ez dira azken pausoa ematera animatzen. «Batzuek pentsa dezakete ez dutela balio abesbatza batean aritzeko. Hori ez da horrela, inondik inora ere. Etorri eta proba egin dezatela. Probatu ondoren, gustuko badute, bada aurrera!», argitu du Iturriak. Eskatzen duten gutxieneko baldintza «belarri ona» edukitzea da; hortik aurrera, solfeoa baldin badakite, askoz ere hobe.

«Ausardia pixka bat eta borondatea izanez gero, berehala hasten zara kantatzen», adierazi dute abesbatzako kideek. Astean bitan egiten dituzte entseguak, astearteetan eta ostegunetan, 20:30etik 22:00etara, Villa Munda erakinean duten gelan. 

40. URTEURRENEKO EGITARAUA

Ekainak 21, asteazkena
- Europako Musika Eguna. Normalean herriko txoko ezberdinetan abestu ohi dute, baina aurten Iñurritzan izango da ekitaldia. 18:30ean, Txinpirin, eta 20:00etan, Zarazte eta Zarautz Abesbatza.
 
Uztailak 22, Larunbata
- Udako kontzertua. Normalean Frantziskotarren elizan egin ohi dute, baina aurten parrokian izango da; instrumentista batzuek parte hartuko dute, akustika hobea dagoelako.

Irailak 8, ostirala
- Arantzazu bezperako salbea. Frantziskotarren elizan, 20:00etan.

Iraila bukaeran
- Amezketara irteera. Kalez kale  kantuan ariko dira; eguraldi txarra egingo balu, elizan.

Urriak 21, larunbata
- Coral Escrinyren emanaldia. Kalatuniako abesbatzaren kontzertua Frantziskotarren elizan, 20:00etatik aurrera.

Urriaren 25etik azaroaren 5era
- Tolosako Abesbatzen Lehiaketako taldeen emanaldia. Sei-zortzi talde joango dira Zarautzera kontzertuak eskaintzera.

Azaroak 18, Larunbata
- 40. urteurreneko kontzertua. Zarauzko Musika Bandarekin batera, Aritzbatalde kiroldegian. Guztira, 200 lagun elkartuko dira oholtza gainean.

Azaroak 22, asteazkena
- Santa Zezilia eguna. Kalez kale irtengo dira kantuan, herriko txistulariekin eta Montetxio nahiz Udaberri abesbatzakoekin batera.

Abenduak 16, larunbata
- Gabonetako kontzertu solidarioa. Aurreko urtean bezala, Zarautz abesbatzako hiru taldeek parte hartuko dute Frantziskotarren elizan.

Abenduak 24, igandea
- Gabon kantuan. Kalez kale irtengo dira.

Abenduak 25, astelehena
- Gabonetako meza. Frantziskotarren elizan izango da. Aurten, Zarautz abesbatzako hildakoen omenez abestuko dute.