Salbideko Udaberri Festa antolatu dute larunbaterako

Jabi Gonzalez Toston 2023ko mai. 24a, 16:40
Jalgi dantza taldekoak Salbiden. (Zarauzko Hitza)

Egun osorako egitaraua prestatu du auzoko elkarteak 11:30etik hasita. Musika, dantzak, jolasak eta mus txapelketa izango dira, besteak beste.

Salbide auzoko elkarteak Salbideko Udaberri Festa aurten ere, eta datorren larunbatean, maiatzaren 27a, egingo dute. 11:30ean abiatuko dute jaia Jalgi dantza taldeak eskainiko duen Euskal Dantza ikuskizunarekin, eta, ondoren, hamaiketakoa egingo dute. 12:00etan, berriz, haurrei eskainitako jolasak egingo dituzte eta marrazkiak egiteko txokoa ere jarriko dute.

Arratsaldean, auzoko mus txapelketa egingo dute hirugarrenez. 16:00etan hasiko da eta parte hartu nahi dutenek ordu erdi lehenago eman beharko dute izena Salbideko parkean. 15:30etik 15:50era, zehazki, eta 20 euro balio ditu inskripzioak bikoteko.

Txapelketako partidak Salbide tabernan eta Aterpe kafetegian jokatuko dituzte lau errege eta lau usteletara eta  irabazleek 200 euroko saria eta Kebidekek eta Asti Pinturkek emandako txapelak eta trofeoak lortuko dituzte. Bigarren sailkatzen direnek, aldiz, 140 euroko saria eta Hator apartamentuek emandako trofeoa. Dena den, final laurdenetara iristen diren bikote guztiek izango dute sariren bat; izan ere, hirugarren eta zortzigarren postuen artean sailkatzen diren bikoteek bi lagunentzako afariak irabaziko dituzte: Zubiondo jatetxean hirugarrenak, Kirikllan laugarrenak, Tivolin bosgarrenak, Udaberrin seigarrena, Salbide tabernan zazpigarrenak eta Lapotx tabernan zortzigarrenak. Bestalde, lehen zortzi bikoteen artean sailkatzen ez den auzoko onenak Aterpe kafetegiko lau gosari eta Kebidekek emandako oroigarriak irabaziko ditu.

Festaren egitaraura itzulita, Bat Bitan taldearen erromeriarekin itxiko dute. 19:00etan hasiko dute musika saioa.