Gutuna

Familia guztiak onartu, hiru lerroak mantendu eta ratioak jaitsi!

Salbatore Mitxelena ikastolako Langile Komitea 2023ko mai. 25a, 17:30
Salbatore Mitxelena ikastolako Langile Komitea.

Matrikulazioaren aferaren harira, Zarauzko Salbatore Mitxelena ikastolan aurten izandako mugimenduak direla eta, bertako langile komitearen izenean ondorengo gutuna helarazi dute.

Badira hainbat hilabete matrikulazioen afera gure egunerokoan presente izan dugula. Albiste lazgarria jaso genuen ikastolako komunitatea osatzen dugun guztiok; gurera etorri nahi zuten hainbat familiak ezin izango dute bertan matrikulatu.

Administraziotik Zarautzerako 150 haurren matrikulaziorako kalkuluak egin eta, 179 aurre-matrikulatu diren honetan, aurreko urteetako ikastetxeen matrikulazioen proportzioak ez dira aintzat hartu. Mobilizazioak egin ditugu, aurten ikastolan matrikulatu nahi duten familiek deituta, baina, martxan jarri zuten bide administratiboa amaitzear den honetan, ikastolako langileok ondorengoak adierazi nahi ditugu:

  • Lehenik eta behin elkartasuna adierazi nahi diegu ikastolan matrikulatzeko trabak izaten ari diren familiei. Lazgarria da beraien errealitatea eta guztiz salagarria ikastolako komunitateko partaide izateko hautua egin eta administrazioak aukera horren atea ixtea. Beraiekin izan gara orain arte eta beraien aldarriak gure egingo ditugu hemendik aurrera ere.

  • Ikastolen ibilbide historikoa ezaguna eta aitortua da eta gaur gaurkoz ere beharrezko ikusten dugu ikastolok dugun izaera bizirik mantentzea. Guraso kooperatiba bat da gure ikastola, irakaskuntza komunitate berritzaile eta parte-hartzaile bat gara eta gurasoak dira eragile nagusi.

  • Materialgintzan ekintzaile gara eta urtero Ikastolen Elkartearekin elkarlanean gabiltza pedagogia berriak eta materialgintza uztartuz. Nazio mailako erakundea gara, mugez gaindiko kooperatiben kide eta elkartasunean eta elkarlanean gabiltzanak. Euskaraz eta euskaratik dihardugu, ikasle guztien euskalduntzea ardatz harturik. Ibilbidea luzea izan da eta gaur gaurkoz gure jarduera ezinbestekoa da.

  • Salbatore Mitxelena ikastola beti izan da guztientzat irekia. Gure ikastolak ez dio sekula familia bat berari ere matrikulatzeko aukera ukatu. Zailtasunak zituztenei ere beti eutsi zaie, gure komunitateko kide izatea ahalbidetuz. Sekula ez da ezezkorik jaso aurtengo matrikulaziora arte. Aurrekari hau gogorra eta kezkagarria da.

  • Matrikulazioei uko egiteak gurera dakarrena latza da. Urtetik urtera lerro bat galtzera behartuko gaitu administrazioaren erabaki honek. Honek lanpostuen galera dakar gurera eta, hori gutxi balitz, gelditzen diren bi lerroak ratiorik altuenean izango ditugu. 18-19 haur inguruko hiru lerro izan beharrean 25eko bi lerro izango ditugu. Azken urteetan horrenbeste aldarrikaturiko ratioen jaitsieraren aurkako noranzkoan eginiko mugimendua da hau, disimulurik gabeko murrizketa eta ikasle eta familientzat egoera posiblerik kaskarrena. Zarauzko hezkuntzaren kalitatean galera larria da eta guztiok salatu beharrekoa.

Honekin guztiarekin ikastolako langileok ozen aldarrikatu nahi dugu:
Familia guztiak onartu, hiru lerroak mantendu eta ratioak jaitsi!