Udal eta foru hauteskundeak 2023

"Gazteen potentzialean sinesten dugu"

Aritz Mutiozabal 2023ko mai. 26a, 12:30

PSE-EE alderdiak gazteriarentzat dituen proposamenak aurkeztu zituen atzo arratsaldean Udaberri elkartearen parean. Bertan hartu zuten parte Zarauzko alkategai Gloria Vazquezek, zerrendako bigarren  Inaxio Illarramendik, Gipuzkoako PSE-EEren Gazteriako Idazkari Nagusi David de Miguelek eta Gipuzkoako ahaldungai Jose Ignacio Asensiok.

Igande honetan ospatuko dira udal eta foru hauteskundeak, eta azkeneko txanpan sartuta, Zarauzko PSE-EEk alderdiko gazteei eman nahi izan zien protagonismoa atzo arratsaldean eginiko ekitaldi politikoan. Zigordia kalean egin zuten topaketa, Udaberri elkartearen aurrean, kalez kale zebiltzan herritarrei euren programa eta larrosa gorriak banatzen aritu ostean.

Ekitaldiaren helburu nagusia izan zen alderdi sozialistak hauteskunde programan gazteriarentzat jasota dituen proposamenen berri ematea. Zarauzko alkategai Gloria Vazquezek ireki zuen hitzartzeen txanda, eta nabarmendu zuen hautes zerrendaren goialdean jarri dituztela kide gazteak, "zinegotzi izan daitezen"; izan ere, "gazteen potentzialean sinesten dugu". Udaleko gazteria arloan egindako lana "mugatua" izan dela iritzi dio, eta etxebizitzan nahiz enpleguan sakondu behar dela bereziki. "Gazteek independizatu behar dute, eta horretarako eskuragarria den etxe bat behar dute alokairuan urte osorako. Hori da sozialiston helburu nagusia, eta bultzatzen ari garena gobernu guztietatik", zehaztu zuen hautagaiak.

Inaxio Illarramendi Zarauzko PSE-EEko bigarrena da zerrendan, eta argi utzi nahi izan zuen alderdi sozialistak gazteekiko duen konpromisoaren isla dela. Enpleguari dagokionez, herriko enpresekin eta hezkuntza zentroekin akordioak lotu nahi dituztela adierazi zuen, "bertako gazteek kalitatezko lan duina izan dezaten". Azken urtetako politikak sustatzen jarraituko dutela ere nabarmendu zuen; besteak beste, gazteek beraien enpresak sortzeko erraztasunak emanez. Kiroldegiko zerbitzuak ere hobetzeko beharraz hitz egin zuen, baita kultur arloa sustatzeko ahaleginaz ere.

Ekitaldian, halaber, Gipuzkoako PSE-EEren Gazteriako Idazkari Nagusi eta Berrobiko alkategai David de Miguelek eta Gipuzkoako ahaldungai Jose Ignacio Asensiok hartu zuten parte. Alderdi sozialistak Gipuzkoako gazteei zuzenduta egin dituen eta aurreikusi dituen ekintzak azpimarratu zituzten. Asensiok, gainera, irmoki zehaztu zuen hauteskunde kanpaina honetan gazteriaz mintzatu eta arduratu den bakarra PSE-EE alderdia izan dela, eta halaxe leporatu zien EAJri eta EH Bilduri.