Udal eta foru hauteskundeak 2023

Bost puntu egin du behera parte hartzeak Zarautzen

Aritz Mutiozabal 2023ko mai. 28a, 18:30
Herritarrak botoa emateko itxaroten Ludotxo ludotekan. (Aritz Mutiozabal)

Ia mila zarauztar gutxiago aurkeztu da hauteslekuetara, 2019ko datuekin alderatuta, Espainiako Barne Ministerioak 18:00etan plazaratu dituen datuak kontuan izanda.

Hauteslekuak ixteko bi ordu falta direla, Espainiako Barne Ministerioak arratsaldeko parte hartzeen datuak eman ditu jakitera. 2019ko datuekin alderatuta, 5,26 puntu jaitsi da Zarautzen 18:00etara arteko parte hartzea; nolabait ere, goizeko beherakadak jarraipena izan du jardunaldiaren bigarren zatian.

Hain zuzen ere, boza ematera deituta dauden 18.794 herritarretatik %53,2izan dira hauteslekuetan; 9.749 herritar. Duela lau urte, 2019an, berriz, herritarren %58,52keman zuten botoa arratsalderako, hau da, 10.653 herritarrek. Beraz, ia mila lagun gutxiagok eman dute botoa momentuz.

Gipuzkoan ere behera egin du parte hartzeak. Zehazki, herritarren %48,54 joan da udal hauteskundeetan boza ematera, 2019an baino 4,8 puntu gutxiago.

20:00etan itxiko dituzte hautesmahaiak, eta orduan hasiko dute boto kontaketa. Zarauzkohitza.eus-ek emaitzen jarraipen berezia eskainiko du ordu horretatik aurrera webgunean.