Udal eta foru hauteskundeak 2023

Udalean ordezkaritza lortu duten alkategaiak gustura agertu dira emaitzekin

Usua Garin - Jabi Gonzalez Toston 2023ko mai. 29a, 01:30

Xabier Txurrukak azpimarratu du EAJk hirugarrenez jarraian irabazi dituela hauteskundeak eta hamar zinegotzi izaten jarraituko duela, Itziar Muruak nabarmendu du EH Bilduk indar handiagoa duela orain, eta Gloria Vazquezek pozik adierazi du PSE-EEk bereari eutsi diola, nahiz eta handia izan den abstentzioa.

Udal hauteskundeek Zarautzen utzi dituzten emaitzen irakurketa positiboa egin dute ordezkaritza lortu duten hiru alderdiek: Xabier Txurruka EAJren alkategaia "gustura" agertu da hauteskundeak hirugarrenez erreskadan irabazita. Lortutako zinegotzi kopuruan ere jarri nahi izan du azpimarra, zeren, 2019an baino ia mila boto gutxi jaso dituen arren, hamar eserlekuei eutsi die.

Itziar Murua EH Bilduko alkategaiak, bere aldetik, alderdiak lortutako emaitzak "oso onak" izan direla adierazi du, Euskal Herri ia guztian bezalaxe, Zarautzen ere indartuta atera direlako. Abstentzioak apenas eragin dio koalizio abertzaleari eta zinegotzi bat gehiago izango dute hurrengo agintaldian.

Gloria Vazquez PSE-EEko alkategaiak nabarmendu du, azkenik, bere alderdiak Zarauzko Udal Gobernua osatzeko "giltza" izango duela, beste behin. Horrez gain, pozik agertu da azken agintaldian izan dituen bi zinegotziei eutsi dielako.