PSE-EEk du Udal Gobernua osatzeko giltza

Jabi Gonzalez Toston 2023ko mai. 29a, 10:35
Zarauzko Udalean ordezkaritza lortu duten PSE-EE (ezkerrean), EAJ goian eta EH Bildu (behean) bart, emaitzak ezagutu ondoren. (Jabi Gonzalez Toston)

Alderdi bozkatuenak izan diren EAJ nahiz EH Bilduk egingo dute sozialisten babesa lortzeko ahalegina alkatetzako lortu ahal izateko.

Udal hauteskundeetako emaitzak eskutan, gobernua osatzeko negoziaketa egunak izango dira datozenak. Ordezkaritza lortu duten alderdiek hogei eguneko epea izango dute horretarako; izan ere, ekainaren 17an, larunbata, egingo dituzte kargu jabetze ekitaldiak. Bada, Zarautzen,  alderdi berarengana joko dute akordio bila boto gehien bildu dituzten EAJk eta EH Bilduk alkatetza lortzeko: PSE-EErengana, hain zuzen ere.

Sozialistek dute Zarautzen gobernua osatzeko giltza eta guztiak jakitun dira horretaz. Pentsatzekoa da azken bi agintaldietako bideari eutsiko diotela eta jeltzaleek eta sozialistek berriro osatuko dutela gobernua elkarrekin. Dena den, Gloria Vazquez PSE-EEko alkategaiaren hitzetan "oraindik goiz da hori esateko, alderdien artean hitz egiteko unea da orain, baina argi dagoena da giltza gu garela".

Zentzu horretan, Xabier Txurruka EAJren alkategaiak bart adierazi du gainerako alderdi guztiekin jarriko direla harremanetan "alderdi garailea" izan direlako eta guztia "airean" dagoela une honetan. Edonola ere, Txurrukak garbi du sozialistak izango direla gakoa: "Alderdi sozialistak erabakiko du nor den Zarauzko hurrengo alkatea".

Bide beretik, Itziar Murua EH Bilduko alkategaiak onartu du eurek ere egingo dutela sozialisten babesa lortzeko ahalegina: "Hitz egingo dugu hitz behar denarekin. Oraindik ikusteko dago zer gertatuko den".